Udalerriko merkataritzaren eta nortasunaren alde egindako ekarpena aitortu zen ekitaldian. Dagoeneko ateak itxi dituzten arren, establezimendu horien ibilbidea nabarmendu zen, zornotzarren oroimenean bizirik jarraitzen dutenak, herriko eguneroko bizitzari, tokiko ekonomiari eta Amorebieta-Etxanoren nortasunari egindako ekarpena eskertzeko.
Galak merkataritza-sektoreko, elkarteetako eta erakundeetako ordezkariak bildu zituen, Bizkaiko hurbileko merkataritza bizirik mantentzen lagundu duten pertsonen ahalegina eta dedikazioa aitortzeko. Amorebieta-Etxanorentzat, ospakizunak esanahi berezia izan zuen, hamarkadetan zehar udalerriaren hazkundean eta eraldaketan bidelagun izan diren negozio eta familien historiak gogora ekartzeko aukera eman baitzuen.
“"Saltoki horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagatik. Ez bakarrik jarduera ekonomikoagatik, baita gure eguneroko historiaren parte izateagatik, zornotzar belaunaldi askoren bidelagun izateagatik eta gure herriaren nortasuna eraikitzen laguntzeagatik ere."
Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu zuen negozio horien ondarea merkataritza-jardueratik harago doala: «Batzuetan, herri baten historiaz hitz egiten dugunean, eraikinak, kaleak, plazak edo gertakari handiak etortzen zaizkigu burura. Baina herri baten historia saltoki txikietan ere idazten da».
Salterainek establezimendu horien buru izandako pertsona batzuk ere ekarri zituen gogora, eta Argazkari, Bar Martija, Itxausti harategia, Toribio janari-denda edo Garamendi arrandegiarekin lotutako pasadizoak eta bizipen pertsonalak partekatu zituen, besteak beste. Oroitzapen horiek agerian utzi zuten saltoki horiek belaunaldiz belaunaldi herritarrekin izan duten gertutasuna eta lotura estua.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herriaren merkataritza- eta gizarte-garapenean urteetan zehar ekarpena egin duten 31 establezimenduren ibilbidea aitortu nahi izan zuen publikoki. Omendutako negozioak honakoak izan ziren: Argazkari, Aldagarriak Erroze, Billiken, Bar Martija Ultramarinos, Calzados Pedro, Carnicería Autzagane, Carnicería Itxausti, Cocinas Astepe, Comercial Dañobeitia, Cristalería Argi, Electrodomésticos Berrio, Ferretería Alfonso, Ferretería Etxebarria, Frutería Samuel, Joyería Aurtenetxe, Kirolkiak, La Tienda de Mari, Óptica Izarra, Panadería Intxausti, Peluquería Marije, Peluquería Miren, Pescadería Garamendi, Reparación Diestre, Sastrería Agustín, Sastrería Fernández, Tejidos y Confecciones Sema, Tintorería Ibaizabal, Ultramarinos Larrea, Ultramarinos Pilar, Ultramarinos Toribio eta Zapatería Sanz.
Bizkaidendak Galak hurbileko merkataritzak udalerrien orainean eta etorkizunean duen funtsezko eginkizuna aldarrikatu zuen. Enpleguari, tokiko ekonomiari eta kaleetako jarduerari egiten dion ekarpenaz gain, merkataritza mota horrek gertutasunean eta pertsonen arteko harremanetan oinarritutako gizarte-funtzio garrantzitsua betetzen du.
Ainhoa Salterainek Udalak sektorearekin duen konpromisoa berretsi zuen: «Tokiko merkataritzaren alde egitea nahi dugun herri-ereduaren alde egitea ere bada: Amorebieta-Etxano hurbila, dinamikoa, kaleetan bizia duena eta pertsonen arteko harremanek leku garrantzitsua izaten jarraituko duten espazioak dituena».




