Lezoko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Lezo Herri Eskolak, Pasaia-Lezo Lizeoak eta Ttakun elkarteak elkarlanean garatutako aldibereko itzulpen tresna berria aurkeztu dute gaur, 2026ko irailaren 23an. Tresna honek euskaraz ez dakiten herritarrek hezkuntza komunitateko ekitaldietan, batzarretan, aurkezpenetan eta hitzaldietan parte hartzea erraztuko du, Telegram bidezko mezularitza sistema bat erabiliz.
Iker Salaberria Euskara zinegotziak azaldu duenez, Lezo gero eta herri anitzagoa da hizkuntzei eta kulturei dagokienez, eta hori aberastasun iturri bada ere, erronka bat ere bada. "Herritar guztiek euskara ikasteko, euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu behar dugu; eta, aldi berean, kanpotik etorriek herri bizitzaren zati izatea ezinbestekoa da, haiei ere informazioa behar bezala iritsi behar zaie. Euskara ardatz izango duen kulturartekotasun eredu bat eraiki nahi dugu", adierazi du.
Salaberriak azpimarratu du euskara lezoar guztien kohesiorako hizkuntza izan behar dela, eta aurkeztutako tresna zubigintzarako baliabide bat dela, elkar ulertzeko eta elkarren berri izateko. Ekintza hau Agintaldi Planean jasota dago, eta bertako hizkuntza komunitatea sendotzeko eta etorri berrientzako harrera prozesuak garatzeko helburua du.
Irati Odriozola UEMAko kideak zehaztu duenez, demografia aldaketa betean dauden herrietan euskaratik erantzuna emateko hizkuntza kudeatzeko proposamenak abiatzen ari dira UEMAren barruko 40 bat herritan. "Garbi dugu gure udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzen segi nahi eta behar dugula, baina gero eta gehiago dira gurean euskaraz ez dakiten pertsonak", esan du. Horregatik, euskaraz ez dakiten familiekiko hartu-emana hurbila izan dadin eta euskarari eusteko, ikastetxeetatik estrategiak garatzeko hautua egin dute.
Maddi Etxebestek, Ttakuneko kideak, azaldu du nola funtzionatzen duen sistemak: Telegram doako aplikazioa deskargatu eta telefono zenbakia eman ondoren, antolatzaileek QR kode bat eskainiko diete euskara ulertzen ez dutenei. Kode hori eskaneatuta, itzulpen zerbitzuan sartuko dira eta aurikularren bidez jasoko dituzte hizlariaren esanak beren hizkuntzan. "Oso esperientzia onak izan dira sistema erabili ditugun batzarrak. Oso baikor baloratu ditugu", adierazi du.




