Ospakizun egitaraua goizean hasiko da, Usurbil herrian zehar egingo den ginaka batekin. Ondoren, Sutegi aretoan mende erdiko historiari buruzko erakusketa ikusgai egongo da. Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute Agerialdeko frontoian, eta arratsaldean zein gauean musikak hartuko du protagonismoa, Mikel Laboa plazan egingo den kontzertuarekin.
Klubak azpimarratu duenez, ekitaldi hau ez da soilik iraganari begiratzeko aukera bat, baizik eta etorkizunari ilusioz ekiteko unea. Urteurrenaren harira, Gipuzkoako Futbol Federazioak omenaldia egin dio taldeari, 50 urteko ibilbidea aitortuz.
Ospakizun zikloa ez da larunbatean amaituko. Uztailaren 1ean, taldeak Usurbilgo jaiak abiarazteko ohorea izango du, udaletxeko balkoitik txupinazoa botaz. Ekitaldi horretan Zubieta Lanbide Eskolako kideak ere izango dira, biek ala biek mende erdia betetzen baitute aurten.




