Usurbil F.T.-k bere 50. urteurrena ospatzeko ekimen ziklo bat abian izan du urte hasieratik. Besteak beste, ping pong, futbolin eta mus txapelketak, beteranoen arteko neurketak eta taldearen ibilbide oparoa erakusten duen erakusketa antolatu dituzte.
Ospakizun eguna larunbatean, ekainaren 27an, izan zen. Goizean, gaztetxoentzako ginkana erraldoia antolatu zen, eta eguerdi eta arratsalde partean Gauerdi txaranga rekin kalejira egin zen. Gauean, The Hastelen´s taldeak eta DJ batek emanaldia eskaini zuten.
Ekitaldi guztien bilgune nagusia Agerialdeko frontoian eginiko bazkaria izan zen. Bertan, taldearen historian zehar izan diren kideak elkartu ziren, eta bost hamarkada hauetan izandako bidelagunak eskertu eta omendu zituzten. Klubeko presidente ohiek txapelak jaso zituzten.
“"Eskerrik asko guztioi!"
Ainhoa Azkue egungo presidenteak adierazi zuenez, "gaur, egun berezi bat ospatzen dugu; 50 urteko historia, ahaleginak, konpromisoa eta adiskidetasuna". Eskerrak eman zizkien klubaren sorreran parte hartu zutenenei, zuzendaritzan aritu diren presidente guztiei, entrenatzaileei, jokalariei eta laguntzaileei, "haietako bakoitza gabe, ibilbide hau ez zen posible izango".
Azkuek klubaren "ate irekien filosofia" eta "nortasun ikurra" nabarmendu zituen, "futbolera jokatzera etorritakoek hemen aurkitu duten aukera bat, edozein zela ere maila eta zirkunstantziak". Inklusio eta laguntasun izpiritua "harrotasun handietako bat" dela gaineratu zuen.
Halaber, "oroitzapen oso berezia" eskaini zieten klubaren historian zehar izan diren eta gaur egun ez dauden kideei, "haien ahalegin, baloreek eta legatuak bizirik dirau gure memorian eta klub honek irudikatzen duen guztian".
Azkuek topa egiteko deia egin zuen "haien alde, proiektu hau partekatzen dugunon alde eta historia hau idazten jarraituko duen belaunaldien alde". "Zorionak 50. urteurrenagatik eta eskerrik asko guztioi!" esanez amaitu zuen.




