Usurbilgo alkateak, Agurtzane Solaberrieta Mesak, ekitaldi nagusian nabarmendu duenez, "badaukagu zer ospatua", proiektu honetan parte hartu duten guztien lanari esker. "Txirikordako komunitateak eta Usurbilgo Udalak lan handia egin dute Txirikorda proiektu arrakastatsu bat izateko", adierazi du, lorpen kolektibotzat joz egitasmoaren ibilbidea eta harrera, bai herrian bertan, baita Usurbildik kanpo ere.
Alkateak azpimarratu du Txirikordak Euskal Herrian eta kanpoan ere "leku esanguratsua" topatu duela, eta etengabe jasotzen dituztela proiektua ezagutzeko eskaerak. "Berritzailea, eraldatzailea eta ondorioz, interesa eta jakinmin handia pizten duelako", azaldu du alkateak, proiektuaren aurrekaririk gabeko izaera eta horrek eskatutako "sormen lan izugarria" goraipatuz.
Bi urteko ibilbidean, Txirikordak "urrats sendoz" egiten du aurrera, etorkizun oparoa izan dezan. Solaberrietaren arabera, arrakasta horren gakoa "bertan bizi den komunitatea egiten ari den ahalegina" da, bertakoek proiektuaren ikuskera eta baloreak barneratu eta lantzen dituztelako.
Etxebizitza larrialdiari erantzuteaz gain, Txirikordak "bizi proiektu kolektiboak sustatzea, komunitatean bizitzea eta gainera, belaunaldiarteko proiektu batean bizitzea" du helburu. Alkateak "laborategi sozial" gisa definitu du Txirikorda, bertan "Usurbil txiki bat bizi delako", aniztasun handia elkartuz: adin, jatorri, kultura eta hizkuntza aniztasuna, eta hori guztia kudeatzea "eredugarria" dela azpimarratu du.
Solaberrietak zorionak eman dizkie Txirikordako bizilagunei, eta argi utzi du proiektua Usurbilen garatzea posible izan dela bertako "konpromiso sozial eta politiko handiari" esker. "Zuen komunitatea, zuen herria ezagutzen duzuenean, badakizue lorontzi hori egitea posible dela", esan du, "segi bidea urratzen, segi eredu izaten" adieraziz.




