Mini Garbiguneek Garbiguneen antzeko funtzioa betetzen dute, baina tamaina eta edukiera txikiagoa dute. Hondakin berezi txikiak gaika biltzeko prestatutako edukiontziak dira, eta Garbiguneen zerbitzua herritarrengana hurbiltzea dute helburu.
Pintura-poteak, metalezko objektuak (lapikoak, zartaginak), etxetresna elektriko txikiak (irabiagailuak, plantxak), gailu informatikoak (monitoreak, teklatuak), bonbilla halogenoak eta kontsumo baxukoak, fluoreszenteak, inprimagailuetako kartutxoak eta tonerra, eta kafe-kapsulak utzi ahal izango dira bertan. Hondakin horiek behar bezala kudeatzea garrantzitsua da, beste hondakin birziklagarri batzuk kutsa ez ditzaten eta ingurumenari kalterik eragin ez diezaioten.
Orain arte, Lezon, furgoneta ibiltaria arduratu da hondakin horiek biltzeaz. Aldaketa honekin, herritarrei hondakin bereziak birziklatzeko erraztasunak ematea bilatzen dute Lezoko Udalak eta Sanmarko Mankomunitateak. Ordutegirik gabe eta leku finko batean utzi ahalko dituzte lezoarrek Garbiguneetara bideratu beharreko tamaina txikiko hondakinak.
Zerbitzu berria martxan jarri den arren, trantsizio-aldi batean bi zerbitzuek batera funtzionatuko dute. Furgoneta ibiltariak zerbitzua ematen jarraituko du 2027ko martxora arte. Aldi horretan, herritarrei Mini Garbigune finkoaren funtzionamenduaren eta erabileraren berri emango zaie, zerbitzu berria ezagutarazteko eta haren erabilera sustatzeko.




