San Pedro Jaiak segurtasunean eta bizikidetzan igaro daitezen aurreko lanak aurkeztu ditu alkateak. Jaietan indarkeria matxistaren aurkako protokolo eguneratua eta Udaltzaingoaren segurtasun dispositiboa nabarmendu ditu. Horien arduradunak diren Berdintasun teknikari Izaskun Rodriguez eta Udaltzainburu Jose Luis Martin izan dira xehetasunak ematen.
Protokoloak pertsona guztiak, bereziki emakumeak eta genero disidenteak, jaiak askatasunean gozatzea du helburu. 2023an landutako testua lege aldaketetara egokitu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dokumentuko puntu batzuk txertatu dira.
Erasoa jasaten dutenentzat arreta telefono berezi bat (688 75 26 03) egongo da martxan ekainaren 26tik 29ra, eta udaletxean gela seguru bat prestatuko da, erasotua lasaitasunez eta konfiantzaz artatzeko. Udaltzainek ikastaro espezifikoa jaso dute, eta txandetan udaltzain emakumeak edo Ertzaintzakoak arituko dira arreta ematen, betiere biktima erdigunean jarriz.
Prebentzio kanpaina bat ere martxan izango da, "Jaiak gureak dira, plazerrak gureak dira" lelopean. Horrez gain, Puntu Morea zerbitzua egongo da Pablo Mutiozabal kaleko 2. zenbakian, ekainaren 26tik 29rako gauetan, informazio, prebentzio eta laguntza gune gisa.
Udaltzain kopurua handituko da txanda bakoitzean, batez ere gaueko txandetan, eta Ertzaintzarekin eta Gurutze Gorriarekin koordinatuta arituko dira. Ekainaren 30eko su artifizialen ikuskizunerako plan berezia prestatu da, ebakuazio plana barne.
Ibilbideak edo kalejirak dituzten jardueretan gutxienez bi agente egongo dira, eta trafikoari dagokionez, Kale Nagusia ren itxierak eragingo du eragozpen nagusia. Ostiral, astelehen eta asteartean mailakatuak izango dira itxierak, eta larunbat eta igandean 24 orduz itxita egongo da.
Gainera, autobus zerbitzua indartuko da ekainaren 28tik 29rako gauean, eta Mantxangorrik gaueko zerbitzua eskainiko du hiru ibilbide ezberdinekin. Eguneroko garbiketa zerbitzua ere indartuko da, eta zisterna kamioi bat erabiliko dute eremuak urez baldekatzeko.
Udal brigadak ere lan garrantzitsua egingo du jaietan, ekitaldiak antolatu eta beharrezko azpiegiturak bermatuz. Sailen arteko koordinazioa hobetu dela azpimarratu da, eta herritarrei udal langileen eta Udaltzaingoaren jarraibideak errespetatzeko eta eremuak garbi mantentzeko eskatu zaie.




