Escuderia Jaizkibelek eta RAC Vasco Navarro k antolatutako Jaizkibelgo Igoeraren 48. edizioa ospatuko da datorren igandean, hilaren 20an. Lasterketa nagusia 5,5 kilometroko luzera duen GI-3440 errepidean lehiatuko da, Lezo, Hondarribia eta Jaizkibelgo gaina lotzen dituen bidean. Proba hau Euskal Herriko eta Gipuzkoako mendiko txapelketetarako puntuagarria da.
Motorrak larunbatean, hilaren 20ko 08:30ean jarriko dira martxan, entrenamenduekin hasita. Ondoren jokatuko da lasterketa ofiziala. Sari banaketa ekitaldia proba guztiak amaitu ondoren burutuko da, Pasaiako portuan, arratsaldeko 15:30ean.
Ostiralean, hilaren 19ko arratsaldean, parte hartuko duten autoak ikusgai egongo dira Errenteria-Oreretako Touring pasealekuan, bertan egingo baitira ibilgailuen egiaztapen teknikoak.
Jaizkibelgo probak gehienez 65 parte hartzaile hartu ahal izango ditu. Izen emateak gaur, ostirala hilaren 11, 20:00etan itxiko dira. Izena emateko aukera Euskadiko Federazioaren webgunearen bidez dago zabalik.
Parte hartzaileek iazko garaile izan ziren Arkaitz Ordoki eta Bruno Scherer pilotuen lekukoa hartzen ahaleginduko dira.




