Urtero bezala, Kontxako baranda elementu arkitektoniko izateari utzi eta Gipuzkoako dantzaren epizentro bihurtuko da. Ekitaldi hau Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak antolatzen du, eta aurten 28. aldia izango da. Iazko arrakastaren ondoren, arratsaldeko ordutegia mantenduko da.
Hiru txanda ezberdin egongo dira, adinaren eta mailaren arabera antolatuta. Lehenengo txanda, 16:00etan, txikienentzat izango da, Nautikotik Kontxako kaferaino. Ondoren, 16:45ean, tarteko mailako ikasleek hartuko dute parte ibilbide berean. Azkenik, 17:30ean, nagusien txanda izango da, Nautikotik Antiguako tuneleraino luzatuko dena.
Guztira, 28 dantza eskoletako 33 irakasleren 1.485 ikaslek parte hartuko dute. Eskola horiek Gipuzkoako hainbat herritatik datoz, hala nola Andoain, Astigarraga, Donostia, Hondarribia, Irun, Pasai Antxo, Errenteria eta Tolosa. Horrez gain, Bizkaiko Ondarroa eta Lekitio herrietako ikasleak ere izango dira.
1997an lehen aldiz egin zenetik, barra klasiko erakustaldi hau ezinbesteko hitzordu bilakatu da, eta Dantza Hilabetearen barne dauden jarduera ospetsuenetariko bat da. Urtero milaka pertsona biltzen ditu, dantzaren edertasunaz eta ikasleen lanaz gozatzeko.




