Saio hauek, Erreginaren Kopa etxera ekarri izanaren harira sortu dira, eta Gipuzkoako klub ezberdinei zuzenduta daude. Helburua da jokalari gazteek egunerokotasunean ikusten ez dituzten alderdi tekniko-taktikoak lantzea, beste ikuspuntu batetik.
Teknifikazio saio hauetan, 1x1 lanketa espeziala egingo da, bai erasoan eta bai defentsan. Horrela, jokoaren egoera espezifiko hau sinplifikatu eta ekintza zehatz hau nola landu eta hobetu ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek.
“"Beti da interesgarria jokalari gazteek horrelako saioetan parte hartzea, are gehiago etxetik hurre antolatua izan denean. Gutxitan izaten dira aukera hauek."
Usurbil Kirol Elkarteko neska askok erakutsi dute interesa saio hauetan parte hartzeko, eta federaziotik azpimarratu dute aukera paregabea dela eskubaloian sakontzeko eta egunerokotasunetik at dauden detaile tekniko-taktikoak ikasteko.
Saio honetaz gain, beste hainbat ekintza ere martxan daude Koparen bueltan. Gipuzkoako klub guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, jokalari profesional ezberdinekin hainbat gai eta arlo lantzeko. Federazioak uste du ekimen hauek ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuari indar puntu bat ematen diotela.
Usurbilgo eskubaloiaren inguruan, federazioak beti izan du erreferente gisa, herri txikia izan arren taldeak aurrera ateratzeko borroka sena erakutsi baitu. Gainera, Usurbilgo mutilen lehen taldeak maila mantendu du 1. Nazionalean, eta hori ez da erraza kategoria horretan.
Eskubaloia kirol xumea, azkarra eta bizia dela azpimarratu dute, taldeko kirola. Mundu polit bat eskaintzen duela, jendea ezagutzeko, ikasteko eta herri izaera mantentzeko aukera emanez. Haur eta gaztetxoei kirol hau probatzera animatu diete, batez ere Usurbilen, non lagunekin egoteko aukera paregabea den.




