Astigarragako Udalak 2027ko aurrekontua onartu du gehiengo osoarekin. Azaroaren 24ko Osoko Bilkuran bozkatu zen EH Bilduko udal gobernuak aurkeztutako proposamena, EH Bilduren 8 botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EAJ/PNVren aurkako 3 botoekin. Aurrekontua orekatua eta egokia dela azpimarratu du udal gobernuak, astigartarren beharrei erantzuteko.
Zenbatekoa 20.608.076,33 eurokoa da, 2026koa baino 3.740.378,80 euro gehiago (%22ko igoera). Igoera hori batez ere kiroldegia berritzeko eta handitzeko proiektuari zor zaio: 2027an proiektuaren gastu osoaren zati handia exekutatuko da, 3.140.418,49 euro hain zuzen. Sail guztien aurrekontuak igo dira, modu orekatuan, Udaltzaingoarena eta Gizarte Zerbitzuena izan ezik.
Inbertsioetan, kiroldegia da ardatza, baina beste hainbat proiektu ere bai: Anuska auzoa hiritartzeko obrak (1.000.000 €), ludoteka (500.000 €) eta Santiomendiko hiritartze proiektuaren bigarren fasea (600.000 €). Gainera, 265.000 euro bideratuko dira herri barruko autobus zerbitzua martxan jartzeko, eta 28.000 euro energia burujabetzarako ekimenetarako.
Diru-sarreren artean, foru funtsak igoera izan du (+538.470 €), eta zuzeneko eta zeharkako zergetak ere bai. Dirulaguntzak 1.279.950 € izango dira, 2026koa baino %3,91 gehiago. Udal gobernuak berresten du elkarte eta eragileekin lankidetza jarraituko duela, gizarte eta kultur bizitza sustatuz eta kolektibo ahulen babesa handituz.




