Abuztuan bisita gidatuak Bergaran eta Debagoienako beste lekuetan

Museoak, lorategiak, lubakiak eta mendi ibilbideak eskainiko dira eskualdean.

Seinalea Euskal Herriko herri bateko plazan, 'Laboratorium Museoa', 'Bergara Monumentala' eta 'Jardins Històrics' bezalako gune historikoetara seinalatuz, atzealdean euskal arkitektura tradizionala eta zeru urdina.
IA

Seinalea Euskal Herriko herri bateko plazan, 'Laboratorium Museoa', 'Bergara Monumentala' eta 'Jardins Històrics' bezalako gune historikoetara seinalatuz, atzealdean euskal arkitektura tradizionala eta zeru urdina.

Abuztuan zehar, hainbat bisita gidatu eta ekintza antolatu dira Bergaran eta Debagoienako beste udalerri batzuetan, hala nola Oñatin, Elgetan eta Arrasaten, turismoa sustatzeko.

Bergaran hiru bisita mota eskainiko dira hilabete osoan zehar: Laboratorium Museoa, Bergara Monumentala eta Lorategi historikoak. Bisita gidatu hauek egunero izango dira, ordutegi zehatzetan: astelehenetik ostiralera, 13:00etan; igande eta jaiegunetan, 12:00etan; eta larunbatetan, 11:00etan eta 12:30ean. Parte hartzeko, gutxienez egun bat lehenago eman beharko da izena 943-76 90 03 telefono zenbakira deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita. Erreserba egiten duen lehenengo pertsonak aukeratuko du bisitaren hizkuntza.
Gainera, abuztuaren 8an eta 29an Olaso Dorrea barrutik ezagutzeko aukera egongo da. Lehenengo egunean, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz izango da; bigarren egunean, berriz, 11:00etan bakarrik. Hilaren 29an bertan, San Pedro parrokia bisitatzeko aukera ere izango da. Jarduera hauetan parte hartzeko, aurrez erreserbatu beharko da Laboratoriumen.
Oñatin, turismo teknikariek gidatutako bisita batean San Migel parrokia eta hirigune historikoa erakutsiko dituzte. Bisita hau abuztuan egunero izango da, 13:00etan, Turismo Bulegotik abiatuta. Izena ematea beharrezkoa da 943-78 34 53 telefonoan.
Elgetan, Gerra Zibileko gertaeren lekuko izandako Intxortako lubakiak ezagutzeko aukera dago abuztuko larunbatetan eta igandeetan. Intxortako Atetik abiatuta, errepublikar lubakiak eta babeslekuak zeharkatuko dituzte, La Belga posiziora heldu arte. Bi orduko ibilaldian parte hartzeko, aurrez eman behar da izena 943-79 64 63 telefonoan edo infoturismo@debagoiena.eus helbidean.
Gatz Museoa ere bisitatu ahal izango da ostiraletik igandera. Bisitek, gatzaren bilakaeraren historia ezagutzeko, 12:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz izango dira. Izena emateko: 943-71 47 92.
Arrasaten, turismoaz harago, etxean geratzen direnentzako mendi ibilaldi gidatuak antolatu dira. Abuztuaren 9an, Arrasateko bira egingo dute, Bedoña eta Meatzerreka auzoak zeharkatuz. Abuztuaren 23an, berriz, Gongetako meatzeak-Besaide ibilaldia izango da. Bi ekintzetan parte hartzeko, Arrasate.eus webgunean edo 943-25 20 00 telefonoan eman daiteke izena.
Arantzazuko Parketxeak ere ekintza ugari prestatu ditu abuzturako. Alde batetik, jolas inklusiboa egingo dute Parketxetik Gomiztegira doan ibilbide irisgarrian, ikusmen eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen egoeran jartzeko eta familian gozatzeko. Abuztuaren 15ean, 16an eta 22an izango da, 11:00etan hasita. Bestetik, Arantzazuko altxor galduen bila joateko orientazio jolasa eskainiko dute abuztuko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan. Bi ekintzetan parte hartzeko, aurrez eman behar da izena 943-78 28 94 telefonoan edo arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidean.