Bi urte inguru igaro dira Otadui zuhaiztiko pasealekuan zulo bat zabaldu zenetik, espaloiaren aldameneko ubidearen eustormaren zati bat erori zelako. Pasealekua publikoa bada ere, ubidea eta bere eustorma Hijos de Juan de Garay enpresaren jabetzakoak dira. Eustormako kalteek bide publikoan eragin zuzena zutenez eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen zutenez, enpresak eta Udalak konponketa lanak erdibana ordaintzeko hitzarmena adostu zuten, aurretiko antzeko kasuetan egin bezala.
Hitzarmena ekaineko Osoko Bilkuran onetsi zen aho batez. Lanen ardura Ugarte enpresak hartu du, 33.572 eurotan. Konpondu den eustorma tamaina ezberdinetako hareharrizko harlangaitz horma zen, lur hareatsua eta kare kantitate txiki bat erabiliz. Orain, hormigoizko horma armatu berri bat eraiki da. Udalak enpresari eskatu zion hormaren egonkortasuna aztertzeko, baina segurtasun publikoa bermatzeko lehenbailehen konpondu behar zen, eta lanak jada burutu dira.




