Oñatiko Udaleko Osoko Bilkurak 2027ko udal ordenantza fiskalak eztabaidatuko ditu ostegunean. Jeltzaleek, udal gobernu taldeak aurreikusten duen %4,43ko igoera orokorraren aurrean, zergak izoztu eta tasak KPI eta zerbitzuen kostura egokituta eguneratzea proposatu dute. EAJren iritziz, zerga guztiak ez dira automatikoki igo behar, eta ordenantza fiskalek herriko arazo zehatzei erantzuteko tresna izan behar dute.
Hiru arazo zehatz zerrendatu ditu EAJk: alokairuko etxebizitzen eskaintza eskasa, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak eta mugikortasun jasangarriago baterantz egiteko beharra. Zentzu horretan, hobari berriak ezartzea proposatu dute.
Etxebizitzaren arloan, hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura bideratzeko pizgarriak proposatu ditu EAJk. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga erdira murriztuta aplikatuko litzateke partikularren artean alokatzen diren eta prezio-muga jakin batzuk betetzen dituzten etxebizitzentzat. Hobari hori eskuratzeko, alokairuak ezin izango luke hilean 675 eurotik gorakoa izan 90 metro koadro arteko etxebizitzetan, ezta metro koadroko 7,5 eurotik gorakoa ere azalera handiagokoetan. Era berean, alokairu-merkatuan etxebizitzak sartzera bideratutako eraikuntza eta obren gaineko zergaren hobariak malgutzea planteatu dute, hileko gehieneko alokairua 675 euroan ezarriz.
Gazteen independentzia ekonomikoa sustatzeko, kiroldegiko gazteentzako tarifetan adin muga 22 urtetik 25era igotzea eskatu dute. Jasangarritasunaren arloan, ibilgailu elektrikoentzako karga puntu homologatuak instalatzen dituzten garaje plazei %50eko hobaria aplikatzea eta eraikuntza eta obren gaineko zergaren gutxieneko zerga-oinarriak kentzea proposatu dute.
EAJren arabera, ordenantza fiskalek dirua biltzeaz gain, Oñatiko benetako arazoei erantzuteko tresna izan behar dute. Udal gobernu taldeak osteguneko Osoko Bilkuran emango du proposamenari buruzko erantzuna.




