Piztu Plaza ekimenak Arrasateko kaleak hartuko ditu apirilaren 25ean, gazteen sormena bultzatuz

Ikastolen Elkarteak antolatutako euskarazko sormen jaialdi honek Batxilergoko eta Lizeoko ikasleak jarriko ditu erdigunean.

Arrasateko plaza batean gazteak euskarazko sormen ekintzetan parte hartzen, giro bizia eta artistikoa.
IA

Arrasateko plaza batean gazteak euskarazko sormen ekintzetan parte hartzen, giro bizia eta artistikoa.

Ikastolen Elkarteak bultzatutako Piztu Plaza ekimena Arrasateko kaleetan egingo da apirilaren 25ean, Batxilergoko eta Lizeoko ikasleen sormena eta euskara sustatzeko helburuarekin.

Kulturaten egindako agerraldi batean aurkeztu dute gaur, martitzena, Piztu Plaza jaialdia. Ekimen honek gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igarotzeko bultzada eman nahi du, euskarazko sormenari espazio bat eskainiz. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak nabarmendu duenez, gazteak oraina ere badira, eta horregatik da garrantzitsua euskaraz sortzeko aukerak eskaintzea.

"Askotan aipatzen dugu alde batetik gazteak etorkizuna direla, baina guk argi daukagu oraina ere badirela eta oraina eraikitzen dabiltzala. Badakigu euskaraz sortzeko espazioak behar dituztela, eta hori da egin duguna, guk, helduok, baliabideak eta laguntza eskaini dizkiegu eta beraien esku jarri dugu antolaketaren ardura; ideiak sortu, taldeak, eszenaratzea, antolaketa..."

Nekane Artola · Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Ekimenaren beste zutabe nagusia euskara da, eta euskal kulturaren plaza astintzea bilatzen dute. Artolaren iritziz, euskararen pizkundeari ekarpena egiteko ezinbestekoa da euskarak Euskal Herriko plazak hartzea. Jaialdia Arrasaten egiteko erabakia Arizmendi Ikastolako ikasleek egindako lanaren eta Arrasatek euskararekin duen konpromisoaren ondorio da.
Bost ikastola aritu dira lanean jaialdia antolatzeko: Arrasate eta Eskoriatzako Arizmendi Ikastola, Bergarako Aranzadi Ikastola, Bernat Etxepare Lizeoa, Ikasberri Ikastola eta Ander Deuna Ikastola. Guztira 70 ikasle inguru izan dira antolakuntza lanetan, horietatik 25 bat Arizmendi Ikastolako Gaztelupe eta Almen guneetakoak.
Egitarau zabala prestatu dute apirilaren 25erako. Herriko plazan, 11:00etan hasiera ekitaldia izango da Arizmendi Ikastolako Almen eta Gaztelupe guneen eskutik, eta ondoren Ikasberri Ikastolaren elektrotxaranga. Arratsaldean, 18:45ean, musika kontzertua eskainiko du Ander Deuna Ikastolak, eta 19:00etan amaiera ekitaldia egingo da. Biteri plazan, berriz, antzerkia eta antzerki musikatua izango dira 12:00etatik aurrera, Aranzadi Ikastola eta Bernat Etxepare Lizeoaren eskutik. Kulturolako tunelean, 14:00etan herri bazkaria eta 16:30ean inprobisazio dinamikak egingo dira.