Onnera Groupek barne hausnarketa prozesua abiatu du Fagor taldean jarraitzearen inguruan, bazkideei jakinarazi dietenez. Edonola ere, Mondragon Taldean duen partaidetza ez da zalantzan jartzen, Fagor eta Mondragon taldeak estamentu ezberdinak baitira. Bazkideek beraien erabaki beharko dute Fagor taldetik irten ala ez, hausnarketa prozesu honek aurrera jarraituko balu. Gaur-gaurkoz, ez dago bozketarako datarik eta egingo denik ere ezin da ziurtatu, kooperatibako iturriek zabaldu dutenez.
Ez da lehen aldia 2013ra arte Fagor Industrial zenean Fagor taldean jarraitu ala ez bozkatzen dela; orain lau urte ere galdera hori egin zen eta bazkideek taldean jarraitzea erabaki zuten.
Onnera Group sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako soluzioak eskaintzen ditu. Zazpi marka biltzen ditu: Fagor Professional, Asber, Edesa, Danube, Domus, Primer eta Efficold. Sei fabrikazio lantegi ditu, Oñatiko egoitza nagusiaz gain: Kordoban, Bartzelonan eta Huescan, Frantzian, Polonian eta Mexikon. Taldea 2.365 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, 7 fabrikazio lantegitan eta munduan estrategikoki banatutako 10 ordezkaritza komertzialetan banatuta.
2025 amaierako datuen arabera, 432 langile bazkide dira eta horiek izango dute azken hitza Fagor taldetik irten ala ez erabakitzerakoan. Taldeak 400 milioi euroko negozio zifra lortu zuen iaz, eta emaitza horiek erakundearen sendotasuna eta lehiakortasuna islatzen dute maiatzean egin zen 2025eko Batzar Nagusian adierazi zenez. 2026ko Kudeaketa Plana ere onartu zen batzarrean, proiektu sozio-enpresarialaren hazkunde iraunkorrak markatutako ibilbide-orri anbiziotsua.




