Aurretik Araoztarrak I eta Araoztarrak II lanak argitaratu ostean, Oñatiko Euskara Zaharra izeneko liburu berria kaleratu da. Argitalpen honek Oñatiko euskararen bilakaera du ardatz, hizkuntzaren aldaera zaharra eta berria bereiziz.
Liburuaren oinarrian hainbat ikerketa lanetan jasotako testigantzak eta Ahotsak.eus atarian dauden elkarrizketak daude. Egileak zazpi urte eman ditu informazioa modu sistematikoan biltzen. Hasiera batean hiztegi formatuan argitaratzeko asmoa bazuen ere, azkenean liburu formatua aukeratu zuen, nahiz eta txosten baten antza handiagoa duela adierazi duen.
Lan hau proiektu zabalago baten lehen zatia da, Apunteak I azpitituluarekin argitaratu baita. Egilearen asmoa da etorkizunean apunte gehiago argitaratzen joatea. Horretarako, irakurleen ekarpenak, zuzenketak eta oharrak jasotzeko interesa agertu du, eta horretarako helbide elektroniko bat jarri du eskuragarri.
Liburua Oñatiko Altuna Estankoan eros daiteke 12 euroren truke. Gainera, Oñatiko Udalaren webgunean ere irakurgai dago, argitalpenen atalean.




