Antolakuntzako kide den Mikel Bergara "pozik" agertu da mendi bizikleta martxak izandako harrerarekin. "Ondo joan da, ez da istripu larririk izan eta ibilbidea ere primeran zegoen; lokatz gutxirekin", adierazi du. Mondranbike martxaren antolakuntzak esfortzu "berezia" egiten du urtero, maila guztietako jendearendako zirkuitua prestatzen. Aurtengoan, adibidez, enduro zirkuituak eta XCO zirkuituak –ibilbide erraza– ez dute ia antzekotasunik izan.
Bergarak aitortu duenez, "lan handia" egin dute aurreko egunetan ibilbidea garbitzen, eta horrenbestez, parte-hartzaileak ere gustura gelditu direla dio. Eguraldiak lagunduta, aurre-izen-ematea bete zuten 166 pertsonak –gaur bertan izena eman duten beste hogei ingururekin batera–, dibertitzeko aukera paregabea baliatu dute.
Martxa amaitu ondoren, paella jan bat egin dute Jose Maria Arizmendiarrieta plazan. Horixe ere "arrakastatsua" izan dela esan du Bergarak.




