Tokiko hedabideek, Saretzen egitasmoaren baitan, ibilgailuen gaineko datuak bildu eta argitaratu dituzte. Trafiko Zuzendaritza Orokorrak eskuragarri ipinitako 2024ko datuen arabera, ibilgailuen batez besteko adina goraka doa: Debagoieneko ibilgailuek 2 urte gehiago dituzte batez beste 2014an baino; EAEkoek 2,1 urte gehiago; eta Nafarroakoek 2,3 urte gehiago.
Easo Car Ocasion-eko salmenta-arduradun Harkaitz Plazaolak azaldu duenez, joera orokorra da 2020tik aurrera, batez ere. "Inflexio puntua izan zen urte horretan –elektrifikazioarekin eta osagaien garestitzearekin–, eta horrek zalantzak sortu zizkien herritarrei ibilgailu berria erosteko orduan", adierazi du. Ondorioz, automobilgintzaren parkea zahartu egin da Euskal Herrian, Espainian zein Europan, eta hori tailerretako lan karga igoerak berresten duela gaineratu du.
Bailaran, ibilgailu gehienek 15 eta 25 urte bitarte dituzte (%35). Bigarren multzorik handiena 8 eta 15 urte bitartekoek osatzen dute (%26), eta %16k 4 eta 8 urte bitarte dituzte.
Erregaien erabileran ere aldaketak nabaritzen dira. Diesela nagusi izaten jarraitzen du, baina joera beheranzkoa da: Debagoienean, %61 ziren diesel ibilgailuak 2014an, eta 10 urte geroago %55 dira. Gasolinak, berriz, %37tik %43ra egin du gora. Ibilgailu elektrifikatuak ere goraka doaz, baina oso modu txikian, parke osoaren %1 ez baitira ailegatzen.
Ibilgailuen parkea handitzen doa, hala ere. Debagoienean, 2014an 644 ibilgailu zeuden 1.000 biztanleko (41.400 guztira), eta 2024an 691 (44.565 orotara). Turismoak dira nagusi, eta haien presentzia, baita furgonetena eta motozikletena ere, urtetik urtera handituz doa. Aldiz, ziklomotorrek eta kamioiek kopuruan behera egin dute.
Gidarien kopuruak ere gora egin du. Debagoienean, 1.000 biztanleko, 593 gidari zeuden 2014an; eta 603, hamar urte geroago. Aramaion hazi da gehien gidari kopurua proportzioan (664tik 718ra), eta Arrasate da gidariak galdu dituen herri bakarra bailaran (582tik 574ra).
Herri txikienek handiagoen aurretik daude rankingean: 1.000 biztanleko, 718 gidari daude Aramaion; 663, Elgetan; 656, Antzuolan; 641, Leintz Gatzagan; 623, Eskoriatzan; 612, Bergaran; 608, Aretxabaletan; 607, Oñatin; eta 574, Arrasaten.
Emakumezkoek izan dute eragina batez ere gidari kopuruaren igoeran. 2014an, 1.000 emakumezkotatik 487 gidari ziren, eta 2024an, 505. Gizonezkoen kasuan, 1.000 gizonezkotatik 700 ziren gidariak orduan, eta 702 dira orain. Gaur egun, Elgetan dago gizonezko eta emakumezko gidarien arteko alderik txikiena (%56 eta %44), eta Arrasaten, handiena (%59 eta %41). Debagoieneko gidarietatik, %58 gizonezkoak dira eta %42 emakumezkoak.




