Bergarako Udalak jakinarazi duenez, Itzuliaren beharretarako erabiliko diren aparkalekuak apirilaren 11n, ostirala, 17:00etarako hustu beharko dira. Horien artean daude Boni Laskurain kalea, Agorrosineko parkina, Matxiategi kalea, Hilerriko parkina, Oxirondoko parkina, Urdangarin pasealekua, Lizaria, Zubieta, Masterreka, Burdiñate eta Urarte. Udalak seinaleztapena jarri du eta oharrak banatu ditu ibilgailuetan.
Hustutako gune horiek lasterketaren antolakuntzak eta parte-hartzaileek erabiliko dituzte. Gainera, Bergaran, gune batzuk zaleentzako interesgune garrantzitsuak izango dira, hala nola Matxiategi kaleko helmuga, Oxirondon kokatuko den podiuma eta Urarte kalean autobusentzako prestatuko den gunea.
Aparkaleku gabezia arintzeko, Bergarako Udalak bi gune alternatibo ireki ditu: San Martin ikastetxeko patioa eta Ipintza Institutuko patioa. Gune horiek jada erabilgarri daude, baina apirilaren 12an, 16:00etan, libre egon beharko dute berriro. Udalak herritarrei gomendatu die asteburuan ahal den neurrian oinez mugitzeko eta seinaleztapena errespetatzeko.
Antzuolan ere aldaketak izango dira lasterketaren egunean. 07:00etatik aurrera, Buztinzuri kalea, Kalebarren, Herriko Plaza eta Antigua ibilgailu partikularrik gabe egongo dira. Oerlikonen ere ezingo da aparkatu, baina Elayn eta Meatz Errekan aparkatzeko eremu bereziak egokituko dira goizean zehar. Txirrindulari taldeen autobusak GI-632 errepidean kokatuko dira, Antzuolatik Deskarga mendatearen hasieraraino.
Errepide mozketak ere aurreikusten dira. Eguzki auzotik San Blaseraino errail bat moztuta egongo da 11:00etatik aurrera, eta bidegurutzeak etapa hasi baino ordu erdi lehenago, 13:20 inguruan, moztuko dira. AP-636an, Antzuolan, irteera guztiz itxita egongo da 13:30etik 14:15era. AP-1ean, Bergaran, Bergara Iparraldeko irteera itxiko da 14:15etik 17:20era. Azkenik, AP-1ean, Arrasaten, langileak egongo dira 14:00etatik 15:00etara, eta irteerak une batez itxi daitezke.




