Iñigo Ruiz Barron, 42 urteko arkitekto oñatiarra, izango da EH Bilduren alkategaia Oñatin. Alderdiak larunbatean jakinarazi zuen erabakia, eta Ruiz legegintzaldi honetan udal gobernu batzordeko kide izateaz gain, hainbat batzordetako arduraduna ere bada, hala nola Hirigintza, Pertsonal, Zerbitzuak, Landa Garapena eta Sozioekonomia. Horrez gain, Debagoieneko Mankomunitatean ere ordezkatzen du Oñatiko Udala.
EH Bilduko mahai politikoak adierazi duenez, Ruizek badu prestakuntza, esperientzia eta udal kudeaketaren ezagutza datozen urteetako erronkei aurre egiteko. Hautagaiak berak, sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, gogotsu dagoela adierazi du.
Hirigintza saileko buru den aldetik, Ruizek ikuspegi komunitarioa, berdintasuna eta inklusibitatea txertatzen dihardu espazio publikoetan. Horretarako, beste udal-sail batzuen inplikazioa eta lankidetza bultzatzen ditu, ikuspegi integrala sustatuz. Legegintzaldi honetan, HAPOa eta etxebizitzen inguruko ekintza plan propioa bezalako proiektu garrantzitsuak kudeatzen ari da.
Hautagaitzaren berri emateko ekitaldia EH Bilduren Herri batzarrean egin zen, non dozenaka pertsona bildu ziren orain arteko balantzea egiteko eta datozen urteetarako bide-orria zehazten hasteko.




