Bisita hau Oñatik Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak (UN Tourism) emandako Best Tourism Village 2023 aitortza jaso izanaren ondorioz egin da. Sari honek nazioarteko interesa piztu du, eta horren harira, Koreako hainbat turismo-helmugak, hala nola Dongbaek eta Sehwa herriek Jeju-n, eta Mosan uharteak Hego Jeollako probintzian, antzeko sariak jaso dituztenez, esperientziak trukatzeko asmoz etorri dira Euskal Herrira.
Oñati aukeratu dute, ondare kultural eta natural aberatsa duelako, baita landa-eremuetan turismo iraunkorra sustatzeko duen gaitasunagatik ere. Goizean, Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin diete harrera, eta Xabier Igartua zinegotziak ongietorria eman die koreerazko hitz batzuekin: "Hwan-yeong-ham-ni-da", euskaraz "ongi etorri" esan nahi duena.
Opari gisa, Oñatiko txokolatea eta txakolina eman dizkiete, eta ordezkaritzak ere haien herrialdeko opari preziatuak ekarri dizkio Igartuari. Ondoren, bisita gidatuarekin hasi dira, lehen geldialdia Turismo bulegoan eginez eta gero San Migel parrokiara joanez.
Egitarauak beste hainbat geldialdi ere jasotzen ditu, besteak beste, Txokolateixia ezagutzea Anton Azpiazu-ren azalpenekin, Arantzazuko santutegira igotzea eta Arrikrutz kobazuloa bisitatzea. Jardunaldi honek bi herrialdeen artean turismoaren arloko ikuspegiak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetzarako bideak aztertzeko aukera eman du.




