Greba mugagabean hasi dira Itasua-IATko langileak

Lan baldintza duinen aldeko aldarria zabaltzen ari dira Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoetako langileak.

Irudi generikoa da: Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zentro moderno baten kanpoaldea, argi urdin argiaren azpian.
IA

Irudi generikoa da: Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zentro moderno baten kanpoaldea, argi urdin argiaren azpian.

Bergarako eta Zarauzko Itasua enpresako 50 langile inguru greba mugagabean hasi dira gaur, uztailaren 13an, lan baldintza duinen eta beste IAT batzuekiko parekatze soldataren alde.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) kudeatzen duen Itasua enpresako lan zentroetan 50 langile inguru aritzen dira lanean. Joan den ekainaren 29tik greba dinamika batean murgilduta egon ondoren, gaur, astelehena, greba mugagabeari ekin diote.
Greba honen helburua Gipuzkoako beste IAT enpresetako lan baldintzekin parekatzea da. Sindikatuen arabera, "besteek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte lan urtean eta 2.000 eta 8.000 euro arteko soldata txikiagoak dituzte haiekin alderatuta", azaldu dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.
Sindikatuek salatu dute enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik erakutsi eta greba eskubidea urratu egin duela. Horren aurrean, zuzendaritzari eskatu diote "benetako negoziazioari ekiteko".
Lan Harremanetarako Kontseiluaren bitartez, bilera eskatu diote enpresari. Bi aldeak uztailaren 23an, osteguna, elkartuko dira, gatazkari irtenbidea bilatzeko asmoz.