Bilketa puntuak Arrasaten (Eroski handian eta Sebero Altube plazan), Aretxabaletan (Eroski handian), Bergaran (Azokan eta Eroskin) eta Oñatin (Eroski handian, BMn eta Kooperatiban) egongo dira. Ordutegiak goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartekoak izango dira, herriaren arabera.
Antolatzaileek mota guztietako materiala biltzeko deia egin dute. Horien artean, material sanitarioa (2027ko ekainetik aurrera iraungitzen diren medikamentuak, tresneria kirurgikoa, eskularruak eta preserbatiboak), elikadura-osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz-azidoak eta probiotikoak) eta elikagai ez galkorrak (janari enlatatua, aleak, pastak, esne-hautsa, fruitu lehorrak eta olioa) daude, azken hauek 2027ko urtarriletik aurrera iraungitzen direnak.
Horrez gain, higiene materiala (konpresak, tampax-ak, toallatxoak eta pixoihalak), kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak eta bizikletak) eta ikasmateriala (eskolarako materiala, testu-liburuak eta entziklopediak izan ezik) ere jasoko dira. Garbitzeko materiala ere ongi etorria izango da, hala nola erratzak, fregonak eta biberoien garbitzailea.
Kontseilu Sozialistak adierazi duenez, plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpenak ere egin ahal izango dira, bilketa postuetan eskudirutan edo banku-transferentzia bidez.
Larunbateko bilketez gain, aurreko astetik IAS erakundea ere materiala biltzen ari da Debagoieneko hainbat eskolatan, besteak beste, Arrasateko Gaztelupe eta Arrasate BHI ikastetxeetan, eta Bergarako Ipintzan eta Oñatiko Elkar Hezin eta Txantxiku Ikastolan.




