Azaroaren hasieran erabilera desegokiak zirela-eta itxi ostean, Bergarako Udalak erabakigarria den urrats bat eman du Azokako Txiki Txokoa berriro zabaltzeko bidean. Herritarrentzako izen-emate prozesua jarri du martxan, eta espazioaren sarbidea pasahitz sistema batekin arautuko da. Udalak argi utzi nahi izan du aldaketa honen helburua gunearen izaera komunitarioa eta irekia babestea dela, ez mugatzea.
Txiki Txokoaren filosofia komunitarioari eutsiko zaio. Herritarren topagune izaten jarraituko du, haurrek euren erritmoan jolasteko espazioa eskainiz, eta guraso zein zaintzaileek elkar ezagutzeko, solasean aritzeko eta seme-alabak elkarrekin hazten ikusteko lekua izango da.
Gunea behar bezala martxan jartzeko, Udalak lehentasuna eman dio erabiltzaileen erregistroari. Pasahitza eskuratzeko izen-emate epea zabaldu da, eta behin eskaerak jaso eta sistema antolatuta, espazioa laster zabaltzea da asmoa, datozen egunetan zehaztuko den data batean.
Interesdunek esteka honetan eman dezakete izena, eta behin izena emanda, gunea erabiltzeko pasahitza jasoko dute. Udalak dei egiten die Bergarako familiei prozesuan parte hartzera, Txiki Txokoa berriro ere herriko haur eta familien elkargune bizia izan dadin.




