Urrian, azaroan eta abenduan izango dira kontzertuak. Zehazki, urriaren 9an, Olaia Inziarte musikariak joko du. Jarraian, azaroaren 6an, eguraldiagatik atzeratu zen Txuma Murugarrenen kontzertua izango da. Amaitzeko, abenduaren 11n, White Carters taldearen doinu dantzagarriak izango dira entzungai.
Olaia Inziarteren kontzerturako sarrerak seminarixoa.eus webgunean daude salgai. Gainontzeko emanaldiak ere laster jarriko dira bertan eskuragarri.
Olaia Inziarte musikariak (Oronoz, 1999) bere bigarren lan luzea, Zerrautsa izenpean, plazaratu berri du. Musikari nafarrak adierazi du disko berria arlo pertsonaletik haratago doala, eta hausnarketa kritikoa egiten duela gizartean sortzen diren dinamikei buruz, bereziki musikaren munduan. Disko honetan, soinu organikoak eta elektronikoak uztartu ditu, gitarra distortsionatuak, sintetizadore analogikoak eta vocoder-ak erabiliz, emozio-espektro zabala duten paisaia musikalak eraikiz.
Txuma Murugarren oreretarrak Hemen Beharko Luke diskoa aurkeztuko du. Bere zakarkeria artistikoaren azpian, mundu poetiko aberatsa, argi-ilunez, egunerokotasunez eta intimitatez betea dagoela nabarmendu da.
Azkenik, White Carters taldeak sustrai afroamerikarretan oinarritutako musika joko du, gaur egungo Funk, Soul eta R&B soinuarekin. Taldeak bere errepertorioan genero horretako estandar modernoak eta zaharrak nahasten ditu bere jatorrizko konposizioekin batera.




