Oñatiko Udalak aurten landa eremuko hiru bide konpondu eta hobetuko ditu. Horretarako, Injelan enpresari eskatu dio lanak egiteko proiektua idaztea eta lizitazio prozesua abiatu berri da. Bide horiek Koixkar, Torretxebarri-Lizargarate eta hilerriko bidea dira.
Lanek bi mota izango dituzte: batetik, asfaltatze hutsa hilerriko bidean, egungo asfaltoa kendu eta berria jarriko da, behar bereziak dituzten guneak indartu ondoren. Bestetik, Koixkar eta Torretxebarri-Lizargarate bideetan, bideari eusteko konponketa lanak egingo dira luizi guneetan, harri-lubetak eta bestelako drainatze eskuhartzeak.
Aurrekontu osoaren % 59a Torretxebarri-Lizargarate arteko tarteak hartuko du, % 33a Koixkarrek eta % 7a hilerrikoak. Lanen lizitazio aurrekontua 237.815 eurokoa da eta hiru hilabeteko epean egitea aurreikusten da.
Lanak esleitzerakoan, eskaintza ekonomikoak % 75eko balioa izango du, baina epeak laburtzea eta exekuzio proiektua hobetzea ere kontuan hartuko dira.
Lan horiek esleipenera ateratzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu batzarrean eta deialdia zabaldu da jada. Proposamenak aurkezteko azken eguna azaroaren 2a izango da.




