Egitaraua goizean goiz hasiko da. 9.30ean Poteo&Glarin eskutik gosari herrikoia egingo dute indarrak hartzeko, zukua, kafea, boiloak eta txoripanekin. Ondoren 10.00etan gaiteroekin 'beroketa' saioa egin ostean, Gazte Olinpiadak 11.00etan ekingo dira lau gunetan: Biterin, Zaldibarren, Kondekuan eta Herriko plazan.
Aurtengo lehiak lau joko izango ditu ardatz: makila bira, Rubik kuboa, 'hundir la flota' eta 'pañuelito kulturala'. Makila biran jokoan zortzi biraren ondoren uztaia sartu beharko dute konoan. Rubik kuboaren jokoan zapiak koloreka ordenatu beharko dituzte zutabeka tablero batean, mugimendu bakarra eginez pertsonako.
'Hundir la flota' jokoan, sei talde lurrean eserita egongo dira ur edalontzi bat buruan dutela, eta beste taldekide batek baloiak jaurtiko ditu edalontziak botatzen saiatuz. Azken taldekide bat baloiak jasotzen ibiliko da begiak zabalik. 'Pañuelito kulturala' jokoan, zenbaki bat esatean taldeko partaideak galderaren erantzuna bilatu beharko du, aurkariak baino lehen saskiratuz. Antolatzaileek herriko historia errepasatzeko gomendioa luzatzen diete gazteei.
Eguerdian atseden hartuko dute bazkari herrikoiarekin indar berritzeko. Jatordua Kondekuan egingo dute eta 800dik gora gaztek hartuko dute parte. Bazkalostean, olinpiar lehiak jarraipena izango du. 17.00etan hasita final laurdenak jokatuko dira Biterin eta Zaldibarren banatura; 18.00etan final erdiak Zaldibarren, eta 19.15ean finalerantz bidean kalejiran joango dira Zaldibarretik Monterronera Lazkao Txiki txarangak lagunduta.
Final haundia 19.30ean hasiko da eta sari banaketa 20.00etan egingo dute. Larunbata borobiltzeko, Monterronen bertan kontzertuak izango dira 21.00etan hasita Fitoskins eta Gozategi taldeen eskutik.




