Arrasateko Udalbatzak 36 milioi euroko mailegua onartu du proiektuak finantzatzeko

Udal Gobernuak mailegua ezinbestekotzat jo du Iturripe, Mesedeetako ikastetxea eta Grupo San Juan bezalako proiektuak aurrera eramateko.

Irudi generikoa udal bilkura bateko dokumentu bat sinatzen duen esku baten, atzealdean pertsona lausoak dituela.
IA

Irudi generikoa udal bilkura bateko dokumentu bat sinatzen duen esku baten, atzealdean pertsona lausoak dituela.

Arrasateko Udalbatzak 36 milioi euroko mailegu bat onartu du apirileko osoko bilkuran, EH Bilduren, Elkarrekin Arrasateren eta PSE-EEren aldeko botoekin, udalerriko proiektu estrategikoak finantzatzeko.

Arrasateko Udal Gobernuak adierazi duenez, finantzaketa hau “ezinbestekoa” da esku artean dituzten proiektu nagusiak gauzatu ahal izateko. Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotziak azaldu duenez, maileguak Gobernu Planean jasotako hiru ekimen garrantzitsu ahalbidetuko ditu: Iturripeko proiektua, Mesedeetako ikastetxea izan zen eraikinaren erosketa eta Grupo San Juango urbanizazioa.
Bestalde, EAJk aurka bozkatu du, hasierako jarrerari eutsiz, mailegu horrek Udala “amildegira” eramango duela argudiatuta. Ander Garay jeltzaleen udal bozeramaileak ohartarazi duenez, Udalak hamabi eta 24 milioi euro artean itzuli beharko ditu interesetan, eta horrek “herria amildegira eramatea, porrota, eta demokraziaren hogei urteko bahiketa bat” ekarriko duela, Udalak “ez baitu edukiko erabaki eskumenik”.

"Osoko bilkuran argi geratu da mailegua eskatzea ezinbestekoa dela esku artean ditugun proiektu guztiak egin ahal izateko eta ez dugu ulertzen EAJk daukan posizionamendua. Mailegu hori barik, ezin ditugu proiektuak egin."

Eva Abuin · Elkarrekin Arrasateren udal bozeramailea
Maider Morras alkateak, EAJren kritikak erantzunez, erabilera politikoa egitea leporatu die, eta azpimarratu du maileguak idazkaritzaren eta kontu-hartzailetzaren oniritzia duela eta “berme guztiak” dituela. Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak gaineratu du Iturripe bezalako proiektuak diru asko behar duela, eta maileguari esker Gorostizako proiekturako, Grupo San Juan urbanizatzeko edo ur-sareko ingurabidea konpontzeko dirua izango dela.
Maileguaren onarpenaz gain, udalbatzak aho batez onartu du udal autobus zerbitzuaren kontratua bederatzi hilabetez luzatzea. Udal Gobernua 2025eko urtarriletik ari da azterketak eta galdetegiak egiten, etorkizuneko zerbitzuaren nolakotasuna definitzeko. Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak azaldu duenez, lizitazioa prestatzen ari dira, eta kontratua uztailean amaituko denez, luzapena beharrezkoa da pleguak ondo prestatu arte.
EAJk alde bozkatu du puntu honetan, baina koherentzia falta leporatu die EH Bilduri eta Elkarrekin Arrasateri, antzeko egoeretan Batzar Nagusietan aurka bozkatu izana gogoratuz. Bilkura minutuko isilune batekin hasi zen Iruñeko erailketa matxista salatzeko, eta ordu erdiz eten zen Herriko Plazako elkarretaratzearekin bat egiteko.