Udako lehen egunekin batera iritsiko da aurten ere Arrasate Errugbi Taldearen ekimen arrakastatsu eta tradizionala, bere XXVI. edizioa beteko duena ekainaren 4tik 6ra bitartean. Mojategiko zelaian Errugbi Txapelketa Herrikoia izango da, eta gauero, Herriko Plazako karpan musika emanaldiak izango dira.
Klubeko kideek prest dituzte dagoeneko iazko antzera hornituko dituzten kantitate handiak: 2.300 litro garagardo, 600 botilatxo, 220 oilasko, 570 txerri ukondo, 1.300 saltxitxa, 14 patata kaxa eta 1.800 ogi opil inguru.
Ostegunean, ekainak 4, zabalduko dira karpako ateak 18:30ean, eta ekitaldi ofiziala 19:00etan hasiko da. Lehenengo egunean, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, herri kirolak izango dira plazan, ondoren pintxopotea eta 20:00etatik aurrera sukaldea martxan jarriko da. Gauean, Amaiur eta Garaziren kontzertuak girotuko du afaria, eta udal ordezkariek ere bertan afalduko dute.
Ostiralean, irekiera 19:00etan izango da, eta afariak 20:00etatik aurrera zerbitzatuko dira. Musika aldetik, Los Retros taldeak girotuko du plaza. Aurten ere, "Danon ARTien ez bada, ez dalako!" aitortza egingo da ostiraleko jardunaldian.
Larunbatean, eguerdiko 14:00etatik aurrera bazkariak izango dira, paella, oilaskoa eta postrea eskainiz, bertan edo eramateko aukerarekin. Arratsaldean, bigarren urtez jarraian, II. Errugbi Txapelketa Herrikoia jokatuko da Mojategin. Ilunabarrean, DJ Goikok girotuko du Herriko Plazako karpa gauera arte.
II. Errugbi Txapelketa Herrikoia: Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere txapelketa herrikoia antolatu du klubak. Kontakturik gabeko txapelketa honetan, 220 pertsona inguruk eman dute izena, 19 taldetan banatuta, "errugbiaz ez jakitea ez da aitzakia parte ez hartzeko" lelopean.




