Lehiaketa Eskoriatzako Fernando plazan hasiko da, goizeko 9:00etatik 10:30era bitartean egingo diren ibilgailuen egiaztapen teknikoekin. Ondoren, Eskomotor elkarteak antolatutako probaren lau txandak abiatuko dira.
Lehen bi txandak eguerdiko 12:00etan eta 13:00ak aldera hasiko dira, Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko 7,31 kilometroko tartean. Atsedenaldi baten ostean, arratsaldeko 15:45ean eta 17:00etan, ibilbidea alderantzizko noranzkoan egingo dute, Eskoriatzatik Aretxabaletara.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, trazatu oso teknikoa eta bihurgunez betea da. Era berean, eskerrak eman dizkiete babesleei eta boluntarioei, haien laguntzarik gabe kirol hitzordu hau aurrera eramatea ezinezkoa litzatekeelako.




