Aurten, Bergarak bat egingo du GANDIK proiektuarekin, tokiko merkataritzaren digitalizazioa, gazteen gaitasun digitalak garatzea eta euskararen presentzia indartzea helburu dituena. Aurreko ikasturtean Portugaleten eta Beasainen egindako fase pilotuaren arrakastaren ostean, ekimen hau Laudiora, Mungiara, Pasaia eta Bergarara hedatuko da.
Proiektu honetan, Bergarako gazteek eta tokiko hamar saltoki eta tabernek hartuko dute parte. Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroko eta Mariaren Lagundia ikastetxeko ikasleek, irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen zein Bergarako Udalaren laguntzarekin, merkatarientzako webguneak sortuko dituzte euskaraz. Parte hartuko duten saltokiak honakoak dira: Bego eta Marije Ileapaindegia, Akort, Laino, Irish Pub Galway's, Izzar Estetika, Sirmiri, Izarra Ileapaindegia, Pinpilinpauxa, Maetabe eta Ninika.
Ekimenaren oinarria belaunaldien arteko lankidetza da. Horrela, ikasleek beren gaitasun digitalak praktikan jarriko dituzte, eta merkatariek, berriz, beren negozioen presentzia digitala euskaraz indartzeko baliabide bat eskuratuko dute, ezagutza tekniko edo baliabide handirik behar izan gabe. Gainera, PUNTUEUSen eskutik, webgune bakoitzak urtebeteko doako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu, eta merkatariek kudeaketa autonomorako prestakuntza jasoko dute.
GANDIK proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat euskararen presentzia digitala sustatzea da, sortuko diren webgune guztiak euskaraz izango baitira. Bergarako Udalak azpimarratu du ekimen honek tokiko merkataritzaren eta gazteen arteko harremanak sustatzen dituela, euskara ardatz hartuta, eta horrela, digitalizazioa, lankidetza, belaunaldien arteko harremanak eta euskararen normalizazio digitala bultzatzen direla.




