Bergarako Udalak Basalgoko balizko parke eolikoaren proiektuak gaur gaurkoz duen plangintzaren aurkako jarrera berretsi du. Udalak proiektuaren Ingurumen Eraginaren Azterlanaren gehigarriari alegazioak aurkeztea erabaki du, astelehen honetako plenoan onartutako txosten baten bidez.
Udalak eskatu du Ingurumen Inpaktuaren Aitorpena kontrakoa izatea eta aldez aurreko administrazio baimena ez ematea. Kezka nagusiak proiektuak urbanizaezina den lurzoruan, ingurune naturalean, floran eta faunan, habitat naturaletan, konektibitate ekologikoan eta paisaian izan ditzakeen eraginekin lotuta daude, baita inguruko baserri, etxebizitza eta bizilagunengan sor daitezkeen afekzioekin ere.
Bergarako Udalak uste du hirigintza eta lurralde bateragarritasuna behar bezala egiaztatu behar direla, eta eragin esanguratsurik ez dagoela edo horiek behar bezala prebenitu direla. Baldintza horiek betetzen ez diren bitartean, Udalak eskatu du ingurumenaren aldeko ebazpenik ez emateko eta Bergarako udalerrian proiektuarekin lotutako obrak hasteko baimenik ez emateko.
Udalak 2025eko abenduan ere aurkeztu zituen alegazioak proiektuaren aurrean. Parkea eta haren ebakuaziorako azpiegitura komunak Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Elgoibar udalerrietan kokatuko lirateke.
Era berean, Bergarako Udalak prozeduran alderdi interesdun gisa aitortua izatea eskatu du, eta informazio publikoaren fasearen ondoren espedientean sartzen diren dokumentu eta txosten berrien nahiz jasotako alegazioen kopiak helarazteko eskatu du.




