Aretxabaletako Udala jakitun da prezioen igoera nabarmena bizi dugula, eta horrek udalari ere zuzenean eragiten dio zerbitzuak garestituz. Hala ere, udal gobernu taldeak ahalegin berezia egin nahi du zerga eta tasen igoerari eusteko, behar-beharrezkoa dena baino gehiago igo gabe. Neurri honek Aretxabaleta ko familiek jasaten ari diren karga pixka bat arinduko du.
Udalaren egoera ekonomiko sendoari esker, zerbitzu publikoen kalitateari eutsi ahal izango zaio, eta zerbitzuak hobetu eta zabaldu ere bai, zergak eta tasak behar-beharrezkoa baino gehiago igo gabe.
Oinarrizko zerbitzuak izoztu egingo dira. Zehazki, 2027 an ur eta hondakin tasek ez dute igoerarik izango.
Hobarien taula berrikusi eta zabaldu egingo da. Alde batetik, ezarrita zeuden margenak handituko dira, egungo egoerara hobeto egokitzeko. Bestetik, hobari-taula bakarra ezarriko da hobaria duten tasa eta zerga guztietarako, diru-sarreren eta familiako kide kopuruaren arabera. Guraso bakarreko familiei arreta berezia eskainiko zaie.
Zergetan, igoera bakoitzaren errealitatera egokituko da:
- Ibilgailuen zerga izoztu egingo da.
- Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (IBI) %2,5eko igoera izango du, erreferentziako KPIaren azpitik.
- Kiroldegiko tasek eta gainerako tasa txikiek %3,1eko igoera izango dute, Euskadiko uztaileko azpiko KPIaren arabera. Indize honek ez ditu kontuan hartzen prozesatu gabeko elikagaiak eta energia-produktuak.
2027 an, udalak ordainketak frakzionatzeko aukera berria eskainiko du. Orain arte ordainketa bakarrean egin behar izaten ziren zergak eta tasak, baina aurrerantzean, herritarrek, hala eskatuko balute, zatika ordaindu ahal izango dituzte. Neurri honek malgutasuna eta erosotasuna emango die familiei eta enpresei.




