Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azaroaren 16an. Helburua udalerriko jarduera ekonomikoa dinamizatu eta enpresa-ekimen nahiz enplegu berriak sustatzea da.
Dirulaguntzek bi lerro nagusi dituzte: enpresa-proiektu berrien sustapena, Mutrikun enpresak eratzeko ekimen berriei laguntuz gastu eta inbertsio batzuk finantzatuz; eta enpleguaren sustapena, langileak kontratatzeagatik itzuli beharrik gabeko laguntzak emanez plantilla handitzeko eta lan-merkatuan zailtasunak dituzten kolektiboen laneratzea bultzatzeko.
Pertsona fisikoak eta juridikoak izan daitezke onuradunak, baldin eta bideragarritasun plana egina badute, lantokia, egoitza soziala eta fiskala Mutrikun kokatzen badituzte eta bertan alta ematen badute, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean badituzte.
Eskariak Mutrikuko Udaleko Garapen Sozioekonomiko alorrari zuzendu behar zaizkio, eskari-orri normalizatuen bidez, beharrezko agiri guztiak aurkeztuz (bideragarritasun plana, memoria zehatza eta inbertsioen datuak, besteak beste). Eskaria Udaletxeko harrera gunean egin daiteke presentzialki edo era elektronikoan www.mutriku.eus web gunearen bidez.




