SPRIk kudeatzen duen BIND berrikuntza irekiko plataformak bere 11. edizioko 85 startup finalistak iragarri ditu. Startup hauek proiektu pilotu potentzialak negoziatzeko lehenetsi dituzten 80 enpresa liderrarekin baino gehiagorekin bildu ahal izango dira. Fase honetako emaitzak 2027ko martxoan emango dira aditzera. Gutxienez proiektu pilotu bat definitzen eta sinatzen duten startupek BINDen murgiltze-programaren 11. edizioan parte hartzeko aukera izango dute, doako mentoring-zerbitzuak, inbertitzaileekiko konexioa eta networkinga eskainiz.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ekimenak 300 startup baino gehiago bultzatu ditu azken 10 urteetan, 400 proiektu baino gehiago garatuz. 11. edizioko startup finalisten jatorriari dagokionez, % 45 Espainiakoak dira, haietatik 25 Euskal Autonomia Erkidegokoak (12 Gipuzkoakoak, 8 Bizkaikoak eta 5 Arabakoak). Gainerako 13ak Alacantekoak, Bartzelonakoak, Madrilgoak, Nafarroakoak eta Valentziakoak dira nagusiki. Nazioarteko startupei dagokienez, % 51 Europakoak dira (Alemaniakoak, Frantziakoak, Italiakoak, Luxenburgokoak, Herbeheretakoak, Erresuma Batukoak eta Suitzakoak), eta % 4a Argentinako, Hego Koreako eta Estatu Batuetakoak.
BINDen 11. edizioan 80 enpresa baino gehiagok hartu dute parte, haien artean ABB, Arteche, Danobatgroup, Euskaltel, Petronor/Repsol, Mercedes-Benz, Orona, Sacyr, Siemens-Gamesa eta Uvesco enpresak eta Dimeco, H2Site eta TME Logistics ETEak. Guztira, 161 bilera egin dira enpresen eta startupen artean. Finalistek proposatutako proiektuak 11 erabilera-kasuei lotuta daude: soluzioen % 43 industria adimenduneko prozesuak optimizatzera bideratuta daude, % 27k energia-efizientzia eta jasangarritasuna dute helburu, % 22k antolaketa-prozesuak optimizatzea, eta % 8 merkataritzara bideratuta daude. Behar horiei erantzuteko eskaerarik handiena duten teknologiak adimen artifiziala (% 79k erabiltzen dutena), IoT (% 33k aplikatzen dutena) eta teknologia garbiak eta energia berriztagarriak (% 31k erabiltzen dituztenak) dira.
85 startup finalistek aukera izan dute enpresekin, inbertitzaileekin eta industria adimendunaren, energiaren eta mugikortasunaren inguruko funtsezko beste figura batzuekin 2 egunetan egiten den South Summit Industry & Energy izeneko networking-ekitaldian parte hartzeko Bilbon. Fase honetako emaitzak eta hautatutako startupak martxoaren 5ean jakinaraziko dira.




