Elgoibarko Izarra elkarteak, Udalak eta herriko bi euskaltegiek 2001. urtean jarri zuten martxan 'Tertuliak' programa. Helburu nagusia zen euskaraz jarduteko erraztasunik edo aukerarik ez zutenei euskaraz berba egiteko eta euskara entzuteko aukera eskaintzea.
Aurten 25 urte bete dira ekimen hau abian jarri zenetik, eta sustatzaileek urteurren berezi hau ospatzeko jai bat antolatu dute. Ekitaldia ekainaren 18an izango da, Aita Agirre kulturgunean, 19:00etan. 'Tertuliak' programan parte hartu duten herritar guztiak gonbidatuta daude ospakizunera.
Antolatzaileen arabera, programak «asko eman dio Elgoibarko euskalgintzari», eta «jende asko da euskaldunagoa programa honi esker». Ospakizunean, parte hartu dutenek egindako lana balioan jarri eta eskerrak emango zaizkie.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ekitaldia «ospakizun xumea baina benetakoa» izango da. 'Tertuliak' programaren inguruko bideo bat estreinatuko da, eta egon diren parte hartzaileentzat opariren bat ere egongo da. Kantu-giroan amaituko da festa.
2001. urtetik hona, urtero 35-40 lagun inguru aritu dira programan parte hartzen. Izena emateko aukera dago, doan gainera, baina parte hartu nahi dutenek euskara ulertu eta gutxieneko maila bat eduki behar dute hitz egiteko. Helburua da dakitena praktikan jartzea eta ez dakitena ikastea.
Elgoibarko Izarra elkartetik azaldu dutenez, izena ematen dutenei «astean ordubetez euskaraz berba egiteko guneak eta kideak» eskaintzen zaizkie. Bost-sei laguneko taldeak antolatzen dira, eta talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat (bidelaguna) arduratzen da dinamizatzeaz. Taldeak astean behin biltzen dira, nahi duten egun eta ordutegian, eta saio bakoitzak gutxienez ordubeteko iraupena izaten du.




