Aurreko astean hasi zen Mutrikuko Liburu Hilabetea, Joseba Sarrionandia idazlearen Karteletrak erakusketaren inaugurazioarekin eta Onintza Enbeita sortzailearen Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpenarekin. Erakusketa Zabiel kultur etxean egongo da ikusgai apirilaren 30era arte.
Egitarauak datorren ostegunean, apirilak 24, jarraituko du Habiko ipuinak izeneko umeentzako ipuin musikatuarekin. Ekitaldia udal liburutegian izango da, 17:15ean, 4 urtetik gorako haurrentzat. Amaia Elizagoien kontalariak eta Itziar Olague musikariak gidatuko dute saioa.
Bestalde, Maite Arroitajauregi 'Mursego' musikari eta sortzaile eibartarrak kontzertu berezi bat eskainiko du datorren ostiralean, apirilak 25, Zabiel kultur etxean, 19:00etan. Sukramarkus: Markos Gimenoren palindromoen berrirakurketa librea izenburupean, Markos Gimeno idazlearen palindromoen berrirakurketa librea egingo du.
Emanaldi honetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko 3 euroko prezioan, mutriku.eus webgunearen bidez edo Turismo Bulegoan.




