Itziarko Auzo Udalak datorren 2026-2027 ikasturterako ikastaro eskaintza zabala antolatu du, herritarren partaidetzari irekia. Aurten, iazko eskaintzari eutsiko zaio, baina berrikuntza nabarmen batekin: Geroa Galarragaren eskutik, 7 urtetik aurrera ingelesa berriro eskainiko da. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, maila eta adin ezberdinetan, eta ordutegiak izena emandakoen artean adostuko dira.
Gainontzeko ikastaroek ere jarraipena izango dute. Horien artean, euskal dantzak (5 urtetik aurrera), trikitixa eta panderoa, yoga, eskulanak eta zaharberritze, eta joskintza zein puntua egiteko aukera izango da. Gainera, iaz arrakasta izan zuen Maddi Astigarragaren sormen tailerra ere berreskuratuko da.
Oro har, ikastaroak urrian hasi eta ekainean amaituko dira, nahiz eta salbuespenak egon daitezkeen eta zenbait ikastaro irailean bertan hasi.
Izena emateko epea ekainaren 25era arte egongo da zabalik.
Interesatuek etxean jasotako inprimakia bete eta Itziarko Harrera Bulegoan entregatu dezakete, edota Interneten edo bulegoan bertan eskuragarri dagoen galdetegia bete. Ikastaroetan baja eman nahi izanez gero, lehen hiruhilekoan egin beharko da; bestela, ikasturte osoa kobratuko da bigarren hiruhilekoa hasita.
Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, ikastaroak@itziar.eus helbidera idatzi, 943 199 255 telefono zenbakira deitu edo Itziarko Harrera Bulegora bertaratu daiteke.




