Itziarko Auzo Udalak neurriak hartu ditu bandalismoaren aurka

Udalak salaketa ofiziala jarri du eta herritarrekiko konfiantzan erabilgarri izan diren zerbitzuak mugatuko ditu.

Iturri bat apurtuta Itziarko herri batean ilunabarrean.
IA

Iturri bat apurtuta Itziarko herri batean ilunabarrean.

Itziarko Auzo Udalak azken hilabeteotan izandako apurketa eta ekintza bandalikoak gaitzetsi ditu, eta salaketa ofiziala jarri du udaltzaingoan.

Itziarko Auzo Udalak azken hilabeteotan Itziar ren izaten ari diren apurketa eta ekintza baldalikoak gaitzetsi ditu; eta herritarrak ohartarazteaz gain; hainbat neurri hartu behar izan dituela jakinarazi du.
Talde Eragiletik gogorarazi dutenez, «urte hasieran kaponsantu bideko farolak hautsita agertu ziren. Handik aste batzuetara herriko plazako komun publiko berrituak puskatuta aurkitu genituen eta inguruko pareta txukunduak, iraindun pintadez zikinduta».
Garai berean, eskola-baratzako etxolak kalteak jasan zituen; eta Erromeria Egunaren ondoren kaleko farola ugari beste behin erasotuak izan ziren Itziarko herrigunean. Gainera, «orain dela gutxi, Burugorri eraikinean kokatutako ludotekara sartu, armairua pintadaz desitxuratu eta musika aparatua lapurtu dute».
Auzo Udalaren ustetan, errepikatzen ari diren gertaera hauek ez dira kasu isolatuak: «Ondare publikoaren kontrako apurketa eta ekintza bandaliko hauek onartezinak dira».
Hori dela eta, Auzo Udalak salaketa ofiziala jarri du udaltzaingoan eta Ertzaintzara bideratu da, egileak azaleratzeko eta kalteak ordainarazteko helburuarekin.
Era berean, herritarrekiko konfiantzan orain arte erabilgarri izan diren zerbitzuak mugatuko dira. Burugorri eraikineko sarbidea murriztuko da, giltza berriaren kopiak jakineko pertsonei banatuz; eta Herriko plazako komun publikoak, aldiz, itxi egingo dira egoera argitu bitartean.
Antzeko gertaerak ugalduko balira, zainketa bitartekoak jartzea baloratuko da. Auzo Udala erakunde txikia da eta gaitasun ekonomiko apala du; egindako apurketen konponketak 10.000 euro inguruko kostua izango du, herriko aurrekontutik hartua.
Itziartarren ordezkariek kezka agertu dute, batez ere, «Itziarren babestu nahi dugun elkarbizitza eta herrigintza ereduarekiko dakarten degradazioa» dela eta. Portaera hauek normalizatzea heziketa arazo baten aurrean egotea ekar dezakeela ohartarazi dute.
Azkenik, «joera tamalgarri hauek bideratzeko herritar guztiok arduraz eta gizalegez aritzeko deia» egiten du Itziarko Auzo Udalak.