Elgoibarko Izarra elkarteko Atxutxiamaika taldeak eta Udal Ludotekak udako aisialdi eskaintza aurkeztu dute, haur eta gaztetxoentzako jarduera anitzekin. Izen-emate epea gaurtik maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik, eta programazio osoa atxutxiamaika.eus eta elgoibar.eus webguneetan kontsulta daiteke.
Atxutxiamaika taldeak HH2 eta HH5 (Haur Hezkuntza) arteko haurrentzako “txokoak” antolatuko ditu, goizez, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:00etara. Bi txanda ezarri dira: lehenengoa, ekainaren 22tik uztailaren 3ra; bigarrena, uztailaren 6tik 17ra. Bi txandetan izena emateko aukera ere badago. Txanda bakoitzaren prezioa 88 eurokoa izango da (79 euro bazkideentzat), eta bi txandetan parte hartzeak 166 euro (158 euro bazkideentzat) balio du. Izen-emateak online egin daitezke Atxutxiamaika ren webgunearen bidez edo presentzialki Elgoibarko Izarra ren bulegoan, Aita Agirre 3 helbidean. Plazen esleipena maiatzaren 8an egingo da.
Bestalde, Udal Ludotekak LH1 eta LH6 (Lehen Hezkuntza) arteko ikasleentzako jarduerak prestatu ditu. LH1 etik LH3 ra bitarteko haurrek udaleku irekietan parte hartu ahal izango dute ekainaren 22tik uztailaren 17ra, igerilekura eta hondartzara irteerak, tailerrak, jolasak eta txangoak eginez. LH4 eta LH5 eko ikasleentzat jarduera bereziak antolatu dira, hala nola Debako hondartzara eta Mutrikura irteerak, surf ikastaro bat Zarautzen, Santa Klara uhartera bisita, paddle surf Zumaian eta udako agur jaialdi bat. Azkenik, LH6 ko ikasleek ekainaren 19tik 21era bitarteko egonaldia izango dute Orioko Txurruka aterpetxean.
Udalak laguntza ekonomikoak eskainiko dizkie behar duten familiei. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 11tik ekainaren 11ra egongo da zabalik, eta informazio gehiago Herritarren Arreta Bulegoan lor daiteke.




