Bergarak Herriarteko final-laurdenak irabazi ditu eta finalerdietara sartzeko aukera handiak ditu

BKEko pilotariek Eibarren aurka hiru partidak irabazi zituzten joanekoan, eta aldeko tanto kopuru handia dute.

Irudi generikoa pilota joko batena.
IA

Irudi generikoa pilota joko batena.

Bergarako pilotariek Eibarren aurkako Herriarteko final-laurdenetako joanekoan hiru partidak irabazi zituzten, eta finalerdietarako sailkatzeko aukera handiak dituzte.

Atzo itzuli ziren etxera gustura Bergarako pilotariak, Eibarren aurkako Herriarteko final-laurdenetako joanekoan hiru partidak irabazita. BKEko pilota saileko arduradun Julen Aranburuk adierazi duenez, kadete mailako partida irabaztea "zaila" izango zutela uste bazuten ere, aurreratu du bikote bergararrak "oso lan ona" egin zuela. "Oier Fernandezek segurtasun handiarekin jokatu zuen, eta Inhar Olanok aurrean min egin zuen. Egia da Eibarko atzelariak zailtasunak izan zituela eskubiko eskuan zuen lesioagatik, eta alde horretatik, erasoan asmatu genuen", azaldu du.
Gazte mailan, lau tantotan utzi zuten Eibar, eta Aranbururen esanetan "erraz irabazteko aukerak" zituzten. Hala ere, aitortu du Bergarako gazte mailako pilotariek maila ona eduki arren, Herriartekoan ez dutela emaitza onik lortu. "Aste honetako partida ondo etorriko zaiela finalerdietara pasatuz gero, konfiantza lortzeko", gaineratu du.
Nagusietan ere, partida "oso gogorra" aurreikusten zuten, baina bikote mahoneroak "maila ona erakutsi zuen", eta eibartarrek ere "opari asko" egin zituzten. "Hiru partidak irabazi genituen, aldeko tanto kopurua daukagu. Ea hurrengo ostiralean dena ondo joaten den eta finalerdietarako txartela lortzen dugun", adierazi du Aranburuk.
Finalerdietara igaroz gero, Zaldibia edo Aduna izango lituzkete aurkari; Zaldibiak 2-1eko emaitza dauka alde.