Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak eta Elgoibarko Udalak antolatzen zuten mendi bizikleta martxa hura, besteak beste, Debabarreneko BTT Zentroa sustatzeko helburuarekin. Zentroak ateak itxi zituenean, martxa antolatzeari utzi zitzaion. 2015ean egin zen azken edizioan, 300 mendi bizikleta zalek hartu zuten parte.
Orain, Morkaiko Mendizale taldeko BTT zaleek proba hark zuen izpiritua berreskuratu nahi dute, eta Elgoibarko I. MTB martxa antolatu dute irailaren 12rako. Antolatzaileen asmoa Elgoibar inguruetan mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea da, eta ez dela proba lehiakorra izango azpimarratu dute.
Izenematea zabalik dago jada, eta online egin beharko da Kirolprobak webgunearen bidez. 18 urtetik beherakoek tutore legalen baimena beharko dute. Irailaren 10a da izena emateko azken eguna.
Egitarauari dagokionez, 8:00etatik 8:45era martxa motza eta luzearen dorsal banaketa egingo da Mintxetan. 9:00etan hasiko dira irteerak. Ondoren, 9:00etatik 9:45era martxa txikiaren dorsalak banatuko dira, eta 10:00etan izango da haren irteera. Eguerdi partean, 12:00etatik 14:00etara, parrillada eskainiko zaie partehartzaileei, eta 14:00etan amaituko da proba.
Martxa honetan hiru ibilbide izango dira aukeran, guztiak Mintxetan hasi eta amaituko direlarik. 'Martxa Txiki'ak 7 km eta 130 metroko desnibela izango ditu, hasiberri eta haurrentzat pentsatua, familia giroan parte hartzeko egokia. 'Martxa motza'k 23 km eta 900 metroko desnibela izango ditu, Sallobente bailaratik Azkarate gainera igoz, tarte gogorrak eta lasaiuneak uztartuz. Azkenik, 'Martxa luzea'k 30,5 km eta 1.400 metroko desnibela izango ditu, martxa motzaren ibilbidea jarraituz baina hiru jaitsiera bukle gehituz: Urrategi DH, Muskiriko jaitsiera eta Voll-Damm line-a.
Morkaiko barruan dagoen Atxurtrails taldeko kideak lanean aritu dira azken asteetan mendi bideak egokitzen eta txukuntzen. Era berean, bideo bat ere zabaldu dute parte hartzaileak igaroko diren bideak eta parajeak ezagutzera emateko.




