Eibarko Udaleko Euskararen Sailak eta bertako AKEBAI plataformak, Eibarko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, euskaraz gidabaimena lortzen duten gazteen artean 100 euroko erosketa-bonoak banatzen ari dira. Ekimen honen helburua gazteen artean euskara erabiltzea sustatzea da, eguneroko esparruetara zabalduz, eta, aldi berean, tokiko merkataritzari laguntzea.
Gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera gero eta ezagunagoa da gazteen artean. Horretarako, Gidabaimena Euskaraz programak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dituzte. Oraingo honetan, Koldo Edorta Carranza izan da euskarazko azterketa egin eta saria jaso duen bizilaguna.
Gidabaimena Euskaraz programa Eusko Jaurlaritzak babesten du eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak koordinatzen, kudeatzen eta zuzentzen du. Programaren helburua da gidabaimena euskaraz lortzeko beharrezko materialak sortzea, hizkuntza horretan prestatzeko ohitura sustatzea eta gazteak aukera hori baliatzera animatzea. Horretarako, material audiovisual berritzaileak sortu eta egokitu dira eremu digitalean, ikaskuntza prozesua errazteko.
Eibarko Udaleko Euskararen arloak herritarrei dei egiten die aukera hau baliatzera, euskara hezkuntza-esparruaz haratago erabiliz eta eguneroko bizitzako gune guztietara zabalduz. Izan ere, helburua ez da soilik euskaraz ikastea, baizik eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea ere.




