Aiaraldea Eskualdeko Kuadrillak antolatutako Txakoli Bizi jaialdiaren seigarren edizioak jendearen harrera ona izan du, eta gastronomia, kultura eta Arabako Txakolina uztartzen dituzten ekintzak eskaintzen ditu azaroaren 22ra arte. Eskualdeko hainbat tokitan egindako lehen jarduerek arrakasta izan dute, eta datozen asteburuetan ere eskaintza zabala izango da.
Edizioa azaroaren 6an hasi zen, Beldui upategian egindako aurkezpen ofizialarekin eta Enoturismoaren Munduko Egunaren harira egindako brindis batekin. Asteburuan zehar, Okondoko San Roman eskolan produktu lokalaren showcooking bat, Quejanako Arcos jatetxean Andoni Agirregomezkortaren bakarrizketa bat eta Xabier Santxotenaren Museo-Tailerra bisitatzeko aukera izan zen, txakolinarekin maridatutako pintxo batekin.
Aiaraldea Eskualdeko Kuadrillako presidenteak, Iñigo Pinedok, balorazio oso positiboa egin du: "Oso gustura gaude Txakoli Bizi-k izaten ari den harrerarekin. Lehen ekintzek erantzun bikaina izan dute eta pozten gaitu ekimen honek pizten duen interesak, Aiaraldeak eskaintzen dituen esperientzien aniztasuna erakusteko eta gure gastronomia, kultura, ondarea eta ingurune naturala herritarrei hurbiltzeko aukera ematen baitigu".
Datozen asteetan, tailerrak, magia, gastronomia-esperientziak, bisita kulturalak, dastaketak eta aire zabaleko jarduerak izango dira. Oraindik plaza libreak daude Artziniegako magia ikuskizunerako, Laudion egingo den tardeorako eta Aiarako Ibilbidean egingo den martxa nordikorako.
Ostiral honetan, azaroaren 13an, Amurrion vermut tailerra izango da, Gaizka Barañanok emana. Larunbatean, azaroaren 14an, Artomañan produktu lokalaren gastronomia-esperientzia bat eta Artziniegan María Arandiak eskainitako magia ikuskizuna izango dira. Igandean, azaroaren 15ean, Artziniega Museoa bisita gidatu teatratizatua izango da.
Azaroaren 20an, Bodega Astobizan txakoli dastaketa gidatua izango da, eta 21ean, Amurrioko Lizorenen Museoa bisitatu eta gero, Laudioko El Lío-n tardeoa egingo da. Programazioari amaiera emateko, azaroaren 22an, igandean, martxa nordikoko irteera gidatua egingo da Aiarako Ibilbidean zehar.
Iñigo Pinedok "aukera aprobetxatu, parte hartu eta esperientzia hauetaz gozatzeko" deia egin die herritarrei, eta gogorarazi du Txakoli Bizi "Aiaraldera hurbiltzeko, herriak, paisaiak, gastronomia eta ondarea ezagutzeko gonbidapena" dela.
Oraindik plaza libreak dituzten jardueretarako izena emateko aukera dago www.turismo.aiaraldea.org webgunean.




