Deba ko Foruen Plaza bi egunetan, ostegun eta ostiralean, pertsonen ongizate integralari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko gune bihurtuko da, Foru Aldundiak antolatutako 'Ongizatearen Plaza' ekimenaren baitan. Ekimen honek elikadura jasangarria, bakarrik sentitzea, hizkuntza eta identitatea, zahartzean autonomia, eta pantailen erabilera bezalako gaiak jorratuko ditu, hitzaldi, tailer eta mahai-inguruen bidez.
Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak, azpimarratu du ongizate integrala dela Aldundiaren lehentasun nagusia. "Ongizatea ekartzea nahi dugu plazaren erdigunera", adierazi du, "arazo pertsonala edo indibiduala dirudien arren, denoi eragiten digun errealitatea da, eta ikuspegi kolektibo eta komunitariotik heldu behar zaio". Debako herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu, "elkarrizketa eta hausnarketa sustatu nahi dituen gune ireki eta berritzaile honetan".
Osteguneko jarduerak Adinberri ren eskutik hasiko dira goizeko 10:00etan. Lehenik, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatutako ariketa fisiko irekia egingo da, eta ondoren, estimulazio kognitiboko tailerra Naia Ros ekin eta mindfulness terapia Raquel Rodríguez ekin. Ondoren, 11:30etik 13:00etara, "autonomia eta prebentzioa zahartzean" landuko da, eta adinekoek etxean ahalik eta denbora gehien bizitzeko aukerak aztertuko dira, hala nola autonomiaren garrantzia, prebentzioa, bizi-proiektuari eustea eta lotura komunitarioak.
Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, "Nola bizi dugu euskara Deba n?" izenburupean, hizkuntzak identitatean eta pertsonen ongizatean duen eragina aztertuko da. Euskara ama-hizkuntza dutenen, helduaroan ikasi dutenen edo kanpotik etorritakoen esperientziak partekatuko dira.
Osteguneko egitaraua "Pantaillen aroan, erabilera osasuntsua" izeneko saio dinamikoarekin amaituko da, Altxa Burua elkartearekin elkarlanean. Haurren ongizate emozional, sozialean eta fisikoan duen eragina dela eta, "mugikorren eta teknologia digitalaren erabilera arduratsu eta osasuntsua sustatzeko saio dinamikoa izango da, bereziki gurasoentzat zuzendua".
Ostiraleko egitarauak proposamen berriekin jarraituko du. Goizeko 10:00etatik 11:30era, elikadura jasangarri eta osasuntsuari buruzko hitzaldi irekia izango da, Jakoba Errekondo agroekologia adituak eta Mirian eta Nerea Arrizabalaga (Doniene baserria) zein Juan Mari Etxabe (Belisoro baserria) Deba ko ekoizleek parte hartuta.
Jarraian, Ados teatroa k ekoitzitako hiru mikrodokumental proiektatuko dira, nahi gabeko bakarrizketari buruz hausnartzeko. Kasu errealak ere aztertuko dira, bakarrizketa ez baita adinekoen arazoa soilik, gero eta gazte gehiagori eragiten baitio.
Amaitzeko, 17:00etatik aurrera, Idoia Torregarai umoristak ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa gidatuko du, barreak eta umoreak gidari gisa erabiliz. Estresa arintzeko, harremanak indartzeko eta egunerokotasunari ikuspegi positiboarekin aurre egiteko risoterapia tailerra egingo da.
Bi egunetako esperientziak balioesteko eta lotura komunitarioak indartzeko, itxiera festa giroan izango da. Telmo Iruretagoiena sommelierrak Getariako Txakolinari buruzko azalpenak emango ditu, eta ondoren, Kalean Kantuz taldeak girotutako dastaketa egingo da.




