Deba ko Plaza Zaharra uztailean kultur ekintzez beteko da, 'Iturri Ondoan' egitasmoaren eskutik. Udalak jakinarazi duenez, proiektu honek "euskaratik eta euskaraz sortutako sormen artistikoa ardatz" du, eta aire zabalean gozatzeko aukera eskainiko du.
Aurtengo programazioa uztaileko ostiral guztietan izango da, uztailaren 30 eko osteguna izan ezik. Alazne Txurruka alkateak nabarmendu duenez, ekimenak "gure herriaren arima islatzen du: euskaratik eta euskaraz sortutako kultura bizia", eta "Debako identitate euskalduna indartzeko eta herritarrak artearen inguruan biltzeko modu bat" da.
Datorren hilabetean bost emanaldi eskainiko dira, guztiak Plaza Zaharreko iturriaren ondoan, 22:00 etan hasita. Lehenengoa, uztailaren 3 an, Arineketan taldearen 'ZaharrakBerri' ikuskizuna izango da, musika, dantza eta bertsolaritza uztartuz.
Uztailaren 10 ean, bertso saio bat izango da Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Agin Laburu bertsolariekin. Jarraian, uztailaren 17 an, 'Begiradak' ikuskizunak tokiko talentua eta euskarazko sorkuntza joko du, literatura, irudiak eta musika batuz.
Egitaraua antzerkiarekin eta musikarekin itxiko da. Uztailaren 24 an, Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen 'Jo!' umorezko antzezlana izango da. Azkenik, uztailaren 30 ean, ØDEI artistaren kontzertuak zikloari amaiera emango dio, boom bap, trap eta drill estiloak nahastuz.
Debako Udalak herritarrak ekitaldietara hurbiltzera animatu ditu, komunitatea sendotzeko eta Debaren izaera euskalduna bizirik mantentzeko aukera paregabea dela azpimarratuz.




