Xabier Eguiaren alokairu-kontratuak: klausula gehiegizkoak eta legez kontrakoak

Abokatuen arabera, enpresari laudioarraren kontratuetan hainbat klausula ez dira zilegiak eta batzuk argi eta garbi ilegalak dira.

Alokairu kontratu baten hurbileko irudia, klausula batzuk nabarmenduta, eta atzealdean logela bat.
IA

Alokairu kontratu baten hurbileko irudia, klausula batzuk nabarmenduta, eta atzealdean logela bat.

Xabier Eguia Basoa laudioar enpresariaren alokairu-kontratuak aztertu ditu Aiaraldea Komunikabideak, eta abokatuen arabera, klausula batzuk legez kontrakoak dira eta beste batzuk abusuzkoak.

Durangaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salaketa bat aurkeztu zuten Xabier Eguia Basoaren aurka ekainaren hasieran, familia bat mehatxatzea eta etxetik botatzeko asmoa leporatuta. Nahiz eta albistea eskualdetik kanpo sortu, enpresariaren jarduerak presentzia nabarmena du Aiaraldean ere, non logela bakoitzeko 550 euro kobratzen dituen.
Aiaraldea Komunikabideak egindako ikerketa batean, enpresariak eskualdean erabiltzen dituen kontratuetako bat aztertu da. Hainbat abokaturen iritziz, kontratu horretako klausula bat gutxienez guztiz legez kontrakoa da, eta beste asko ere eztabaidagarriak dira.
Eguiaren eskaintza, finean, logela bat alokatzea da, hilero 550 euro artean ordainduta, eta bertan bizi diren gainerakoekin komunak eta sukaldea partekatuz. Kasu askotan, logela bakoitzean pertsona bat baino gehiago bizi da, familiak barne, eta gehienetan migratzaileak izaten dira.
Abokatuek nabarmendu dutenez, Eguiak ezartzen duen klausula bat argi eta garbi ilegala da: etxebizitza utzi ondoren, alokairuan egon denak ziurtagiri bat bidali behar dio, bertan erroldatuta ez dagoela frogatuz. Hori egin ezean, ez dio fidantza itzuliko. Legegileek azaldu dute fidantza ez berreskuratzeko baldintzen artean ez dela legezkoa erroldari buruzko aitzakiarik jartzea.
Gainera, errolda ez dela eskubide bat, betebeharra baizik zerbitzu publikoak jasotzeko, eta hori kentzeko eskatzea ez dela enpresariaren eskumenekoa gogorarazi dute.
Eguiaren negozio eredua Rent-to-rent teknikan oinarritzen da, hau da, bera ez da etxebizitzen jabea, jabeei alokatzen dizkie eta gero hirugarrenei alokatzen die berriz. Higiezina alokatu duen pertsona batek ezin du errolda kentzeko prozedura hasi, ez delako bere jabetza.
Abokatuen iritziz, Eguia ez dela jabea kontuan hartuta, hainbat klausula abusuzkoak edo nulak izan daitezke. Adibidez, kontratuan zehaztutako egunean etxebizitza uzten ez bada, egun bakoitzeko errentaren bikoitza ordaindu beharko da. Era berean, kontratuaren epea baino lehen higiezina uzten bada, Eguia fidantzarekin geratuko litzateke.
Eguiak exijitzen die bezeroei espazio komunetan eta hutsik dauden logeletan sartzen uzteko, nahi duenean, eta baldintza hori bete ezean, kalera botako dituela jasotzen du kontratuan. Halaber, kontratua amaitu baino 30 egun lehenago jakinarazi behar zaio jarraitu nahi den ala ez, bestela fidantza ez da itzuliko.
Enpresariak berak aitortzen du etxebizitzetara "uneoro" dutela sarbidea eta aukera hori baliatzen dutela ordaintzen ez duten pertsonei presioa egiteko. Sare sozialetan argitaratutako bideo batean adierazi duenez: "Pertsona batek ordaintzen ez badigu, gu etxebizitzara goaz eta atea jotzen dugu. Pertsona hori, ordaindu nahi ez dizun arren, bere gelatik atera beharko da, jan beharko duelako, komunera joan..."
Azkenik, kontratuaren azken bi asteetan bisitak erraztu behar dira beste bat alokatu ahal izateko, eta hori ez egitekotan, hamalau eguneko errenta gehigarria ordaindu behar da. Bestalde, ordainketa atzeratuz gero, egun bakoitzeko hamar euro gehiago ordaindu beharko dira, eta etxeko arauak ez betetzeagatik ere maizterra kaleratu ahal izango da.