Herriko EAJko taldeak jakinarazi duenez, Laudio Goikoaren itxiera atzeratzea lortu dute Hezkuntza Saileko ordezkariekin izandako bileraren ondoren. Jeltzaleek Jaurlaritzatik lortutako konpromisoaren arabera, "kaltetutako familiekiko elkarrizketa mantentzea eta aurten ere lanean jarraitzea, prozesuaren antolamenduaren eta emozioen eragina minimizatzeko irtenbide adostu bat bilatzeko" konpromisoa hartu dute.
Alderdi jeltzaleko Laudioko kideek azken egunetan egindako "elkarrizketa eta harreman instituzionaleko lana" nabarmendu dute. Euren esanetan, "izandako harremanak balio izan du horrelako erabakiei plangintza, sentsibilitate eta koordinazio instituzionalarekin ekiteko beharra zuzenean helarazteko, hezkuntza-komunitatean bat-bateko inpaktuak saihestuz". Horrez gain, "lehentasuna" izan behar dela "hezkuntza-kalitatea, ikasleentzako arreta egokia eta udalerriko hezkuntza-baliabideen egonkortasuna bermatzea" azpimarratu dute, bereziki laguntza-premia espezifikoak dituzten ikasleei eragiten dieten kasuetan.
Jeltzaleek berretsi dute prest daudela "Hezkuntza Sailarekin eta udalerriko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean jarraitzeko", izan ere, euren ustez, "gakoa" da "datozen hilabeteetan modu koordinatuan lan egiten jarraitzea, ikasleentzat eta haien familientzat ahalik eta aukerarik onena aurkitzeko".
Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak aurreratu zuen bezala, elkarrizketetan ari dira Hezkuntza Sailarekin eta "hainbat alternatiba" aztertzen ari dira Laudioko Udalaren oharraren arabera. Tokiko erakundeak azaldu duenez, "hezkuntza zentroaren etorkizunean emango diren pausoei buruzko xehetasun gutxi eman dira oraingoz, eta hainbat alderdi zehazteke daude oraindik".
Gurasoek, ordea, ez dute informazio zehatzik jaso. Yone Vaz gurasoak azaldu duenez, "bileran itxiera atzeratzea adostu zen, hobekuntza batzuk egingo direlako Laudio Goikoan", baina "ez dute bilerarik deitu, eta hori da dakigun guztia". Ez dakite zer hobekuntza egingo dituzten, ezta zer aurrekontu izango duten ere. Vazek zalantzan jarri du "duela aste bat bi milioi euro behar izatea eraikuntza era egokian jartzeko eta orain, bat-batean, hobekuntza batzuekin ikasleak bertan beste urte batez egon ahal izatea".




