Xabier Ibarzabalek gogorarazi du 19 milioi euroko inbertsioa egin dela zerbitzu guztiak 2.500 metro koadroko azalera txikagotik 7.972 metro koadroko azpiegitura berri batera eramateko. Hiru solairu eta beheko solairua erabiliko dira horretarako.
Bereziki garrantzitsutzat jo dute etxe-ospitalizazioa eta buru osasuneko zerbitzuak gainerakoekin bateratzea eraikin berrian. Orain arte buru osasuneko arreta etxebizitza batean zegoen, eta kokaleku berriak normalizazioa eta ikusgarritasuna ekarriko ditu.
Gainera, beste ginekologo bat hartzeko tokia egongo da eta ekografiak egingo dituzte Laudion bertan. Espezialitateen kontsulta kopurua ere handituko dela aipatu dute, gero eta ume eta gazte gehiago artatzen baitira atal horretan.
Ordezkarien arabera, medikuen eta erizainen kopurua bikoiztu egingo da gela gehiago egoteagatik eta emakumearen arretan ere hobekuntzak izango direlako. Orain arte espezialitateetarako gela bakarra zegoen, eta orain gehiago etorriko dira.
Eraikinaren hobekuntza fisikoez gain (espazio gehiago, biniloak, klimatizazioa, plaka fotovoltaikoak), odontologia makina berriak ere ekarri dituztela nabarmendu dute. Solairu bakoitzak administrariak izango ditu harrera egiteko.
Osasun zentro berriak 24.600 laguni emango die Lehen Mailako Arreta, eta 41.700 herritarrek izango dituzte ospitalez kanpoko arreta eta kontsultak bertan.




